NAIZ.INFO
OÑATI

Oñatiko Bilduk ukatu egin du atez atekoaren aurkako taldea «mehatxuengatik» disolbatu izana

Oñatiko atez atekoaren aurkako plataforma «irain eta presioengatik» disolbatu izana ukatu du Bilduko udal taldeak eta zabor bilketa sistema martxan jartzea oztopatzeko nahi bat dela uste du hainbat hedabide gipuzkoarrek argitaratutako albistea.

Oñatiko atez atekoaren aurkako taldearen disolbatzeak eragin duen zalalaparta tarteko, prentsaurrekoa eskaini du Bilduko udal taldeak. Bertan, albistearen berri izan bezain pronto, plataformako kideekin harremanetan jarri zirela azaldu dute.

Plataformako kideen hitzetan, eurek ez zuten inungo «mehatxurik» aipatu erabakiaren arrazoi gisa eta hedabideei igorritako mezuan soilik disolbatzearen berri eman zuten, honen arrazoirik eman gabe.

Hala ere, bai aipatu zieten udal ordezkariei momentu batzuetan «irainduak» sentitu izan direla, sare sozialetan izandako hainbat iruzkin edota kalean agertu diren hainbat pintaketa tarteko.

Horren aurrean, pintaketen berri izan bezain pronto hauek ezabatzeko egindua eman zutela argitu du udal gobernuak.

Egoera honen aurrean, bi irakurketa egin ditu Bilduk. Alde batetik, atez atekoaren ezarpenerako martxan den prozesu parte hartzailea oztopatzeko nahi bat ikusi du, eta bestetik, atez atekoaren aurkako plataformak biktima papera hartu duela uste du.

Horrez gain, Gipuzkoako hainbat hedabidetan agertu diren berrian zuzenak ez badira zuzentzeko eskatu du.