Gotzon ARANBURU
DONOSTIA

Arrantzaren etorkizuna

Milaka urteko historia du arrantzak Euskal Herrian. Gure lurraldearen zati handi bat, kostaldea, itsasoari begira bizi izan da, arrantzak eman baitio bizia. Zein da bere garrantzia eta egoera gaur egun, sektore ekonomiko gisa? Bada, argi-iluna. Batetik, berrindartuta dago, errekonbertsio teknologikoa egin eta gero, baina bestetik dibertsifikazio beharra dauka, arrain harrapaketa eta salmenta hutsetik harago joanez.

Donostiako ontziek beste portu batzuetara joan behar dute kofradia itxi zutenetik. (Gotzon ARANBURU)
Donostiako ontziek beste portu batzuetara joan behar dute kofradia itxi zutenetik. (Gotzon ARANBURU)

Gaur egun 3.500 pertsona inguru ari dira lanean arrantza-ontzietan Euskal Herri osoan, iparraldean eta hegoaldean, Gaindegiak emandako datuen arabera. Hegoaldeari dagokionez, zuzenean arrantzan ari direnak 2.500 pertsona inguru dira, eta 7.000 eta 10.000 artean lurrean lanean ari direnak, haiek harrapatutako arrainak deskargatzen eta lonjetan saltzen, sareak konpontzen, mantenimendu lanetan, portuko zerbitzuak eskaintzen, ikuskaritzan, kontserba fabriketan… Iparraldean, mila inguru dira arrantzaleak, baina hirutik bat bakarrik dira bertakoak. Etorkizun hurbilean patroiak, mekanikoak eta bestelako tituludunak beharko direla diote sektoreko eragileek Hegoaldean, eta gazteak ikasketa horiek egitera animatzen dituzte.

Portuen garrantziari dagokionez, Ondarroa da Hegoaldeko nagusia, bertan deskargatzen den arrain kopuruari dagokionez. Getaria, Hondarribia, Bermeo eta Pasaia datoz ondoren; aipatu bost horien artean Hegoaldeko deskargen %95 hartzen dute. Beste %5a Lekeitiok, Donostiak, Mutrikuk, Santurtzik, Elantxobek eta Mundakak aportatzen dute. Baxura ontziak alturakoak baino askoz gehiago dira, %80-%20 proportzioan. Guztien artean, urtero 70.000 tona inguru arrain harrapatzen dituzte. Lapurdin, Donibane Lohizune eta Zibururen artean 4.500 tona harrapatu zituzten 2011n, eta iaz gora egin zuen zenbaki horrek, zehaztu gabeko kopuruan.

Orokorrean, garbi dago arrantza sektoreak behera egin duela Euskal Herrian azken mende laurdenean. Berez lan gogorra da itsasokoa eta ekonomia ondo joan den urteetan arrantzale izandako askok nahiago izan dute lehorrean lan egin, Kantauri itsasoko biomasa agortzen joan da, harrapaketa-kuotak ezarri zituen Europak, ontziak zahartzen joan ziren… faktore asko izan dira beherakada horren atzean. Baina azken garai hauetan horietako faktore batzuek onera egin dute: ontzidiaren birmoldaketak untzi berri modernoak ekarri ditu gure portuetara, eta itsasoko biomasa errekuperatu egin da neurri handi batean.

Baikortasunerako datuak

Baikortasunerako datuak badaude. Bost urteko etenaldiaren ondorioz, Bizkaiko Golkoko antxoa biomasa 70.000 tonakoa dela kalkulatu du Azti-Tecnaliak, eta horrek esan nahi du 20.000 tona arrantza daitezkeela. Joan den antxoa arranzu-aldia ona izan dela onartzen dute eragile guztiek, nahiz eta arrantzaleak ez diren gustura gelditu egin duen prezioekin. Hegaluzeari dagokionez ere, azkeneko bost urteko arrantzu-aldirik onena izan da. Ontzi kopuruari begira, datu hobeak dira Lapurdikoak Bizkaia eta Gipuzkoakoak baino. Ziburun, esaterako, beherako joera eten dute eta hamar ontzi gehiago ari dira lanean iaztik.

Gipuzkoako Arrantzaleen Kofradien Elkarteko idazkari nagusi den Miren Garmendiak ere ikusten ditu baikortasunerako zantzuak. «Flota berritua eta ahalmen handikoa daukagu, arrantzale oso onak, eta hauek erabiltzen dituzten tresnak sostenigarriak dira, espezieak arriskuan ez jartzeko modukoak. Betiere baxurako flotaz ari naiz. Kezkatzeko arrazoia kuoten banaketan daukagu, kuota horiek ezartzeko orduan guk proposatzen ditugun irizpideak ez baitira kontuan hartzen. Eta armadoreentzat ezinbestekoa da jakitea zer eta zenbat harrapatzerik izango duten datozen urteotan».

Gipuzkoako kasuan, Donostiako portuan sortutako arazoak hedabideetara ekarri du arrantzaren egoera. Jakina denez, bertako kofradiak ateak itxi behar izan ditu, arrantza-ontzien beherakadagatik eta porturako egitasmo berria ez delako gorpuztu. Baina duela hamar urte egindako berriztapenaren ondoren ontzien kopurua egonkortu egin dela Gipuzkoan esan daiteke, nahiz eta urtero uzten dion lanari batek edo bestek.

Arrantzaren kultura ezagutarazi

Etorkizunari begira, ordea, hobekuntzak egin beharra argi ikusten dute arrantza alorreko eragileek. Portuetako azpiegiturak hobetu, merkaturatzean aurrerapausuak eman eta dibertsifikazioaren aldeko apustua egin, horiek dira helburuak. Arrantza ezin da izan soilik arrainak harrapatzea eta saltzea, portuak ezin dira izan deskargarako tokiak bakarrik. Arrantza kultura oso bat da, herri baten ezaugarria, eta udan Euskal Herriko portuak betetzen dituzten turista eta bertako bisitari guztiei kultura hau ezagutaraztea da helburuetako bat. Ezagutu dezatela nola egiten den arrantzan, zer arrantzatzen den, dasta ditzatela arrain harrapatu berriak portuan bertan, erosteko aukera ere izan dezatela...

Arrantza ondarea ere bada. Galdu den lekuetan, arrantza portuak kirol portu soilak bihurtu diren Europako zenbait tokitan, galdutako ondare hori berreskuratu nahian ari dira orain. Baina zaila da hildako portua berpiztea; ez da nahikoa ontzi pare bat kaiari lotuta edukitzea, museo gisa. Euskal Herrian oraindik bizirik daude portu txiki asko, eta horiek erabiltzen dituzten arrantzaleek diru sarrera duinak izan ditzaten ezinbestekoa da portuetako azpiegiturak birpentsatzea, berreraikitzea, moldatzea, balorean jartzea azken batean, zerbitzu berriak eskaini diezazkieten urtero bisitatzen dituzten milaka bisitariei. Donostian egin nahi izan da horrelako proiektu bat, baina Lakuako Gobernuaren eskuetara iritsi eta gero ez da burutu. Gobernu berriak egitasmoa berrartzea eta garatzea espero dute kofradiek. «Jakina, hasieran inbertsioak egin beharko dira, baina sortuko litzatekeen aktibitate ekonomikoak berak amortizatuko luke inbertsioa, ez litzateke izango diru publikotik bizi den egitasmoa inondik inora ere», dio Miren Garmendiak.

Lapurdin ere ari dira bertatik bertarako salmenta indartu nahian, portuetan, arrantzaleek etekin handiagoa atera dezaten. Lehen bospasei eguneko itsasaldiak egiten zituzten ontziak askoz sarriago sartzen dira orain portuan, kalitate hobeko arraina eskaini ahal izateko bezeroei. Arrainaren transformazio industria ia zeharo desagertu da Ipar Euskal Herrian, eta hori berreskuratzeko saioak ere ari dira egiten. Garai batean baino hobeak dira iparraldeko eta hegoaldeko arrantzaleen arteko harremanak, Gipuzkoako kofradien idazkariaren esanetan, eta Europa mailako zenbait batzordetan batera ari dira lanean, baita Kantauriko beste arrantzaleak ere.

Kalitatearen aldetik ere badago egitasmorik. Mundu globalizatu honetan, alde guztietako arraina iristen da gure arraindegietara, baina beharbada bertakoaren kalitatea ez da behar bezainbeste baloratzen. Miren Garmendiaren hitzetan, «hegaluzearen Eusko Label izendapenarekin hori egin nahi dugu, bezeroari erakutsi bertan harrapatutako arraina dela, era jakin batean, eta kalitate handikoa. Ezaugarri hauek balorean jartzen jakin behar dugu, eta ez bakarrik hegaluzearen kasuan». Eusko Label bereizgarriarekin identifikatutako unitateak nabarmen igo dira 2012an, 360.760 pieza izan baitira orotara izendapen hori jaso dutenak, 2011n baino %176 gehiago.