Naiz.info
Donostia

Iñigo Martinezek Realarekin duen kontratua luzatu du, 2017ra arte

Erdilari ondarroarrak bi urtez luzatu du Realarekin zuen kontratua eta, beraz, Donostian arituko da 2017ko ekainaren 30era bitarte.

Martinezek 2015era arte zeukan kontratua Realarekin eta gaur luzatu du hitzarmena taldek presidente Jokin Aperribayrekin eta kirol zuzendari Lorenzo Juarros ‘Loren’ekin batera.

Realeko web orrialdean egindako adierazpenetan, jokalari ondarroarra «oso pozik» agertu da akordioarekin, bere nahia «bertan jarraitzea» baitzen.

«Eskertzeko modukoa da Realak nigan izandako konfidantza; nik ere nire konfidantza itzuliko diet eta taldekideekin gauza politak egiten jarraitzea espero dut», nabarmendu du.

«Etxean baino hobeto ez da beste inon egoten», esan du Martinezek, harrobi txuri-urdinaren lana goratzearekin batera.