NAIZ.INFO
IRUÑEA

Presoen aferan «ez ikusiarena» ez egiteko eskatu dio Herrirak Nafarroako Gobernuari

Nafarroako Parlamentuan izan dira Herrirako kideak nafar Gobernuari, eta batez ere Yolanda Barcina lehendakariari, presoen aferan «ez ikusiarena» ez egitea eskatzeko. Era berean, martxoaren 20 Ines del Rio kasuaren harira deitu dituzten mobilizazioetan parte hartzeko deia egin dute.

Fran Balda eta Maider Caminos Herrira mugimenduko bozeramaileak, Nafarroako Parlamentuan. (Idoia ZABALETA/ARGAZKI PRESS)
Fran Balda eta Maider Caminos Herrira mugimenduko bozeramaileak, Nafarroako Parlamentuan. (Idoia ZABALETA/ARGAZKI PRESS)

Maider Caminos eta Fran Balda Herrira mugimenduko bozeramaileak Nafarroako Parlamentura gerturatu dira Gobernuari, eta batez ere Yolanda Barcina lehendakariari, preso politikoen aferan «ez ikusiarena» egin ez dezatela eskatzeko.

Eledunen esanetan, urtarrilaren 12ko manifestazioak «gizartearen gehiengo zabal bat» espetxe politika aldatzearen alde dagoela erakutsi zuen, horregatik, gobernuek herritarren ahotsari kasu egitea eskatu dute.

Helburu hori medio, duela hiru aste Barcina biltzeko eskaera egin ziotela gogoratu dute, baina oraindik erantzunik jaso ez dutela eta kexu agertu dira.

Nafarroako egoeraren berri eman ostean, preso politikoei ezartzen zaizkien salbuespen-neurriek «gizartea zauritzen» dutela salatu dute. Horregatik, neurri horien bertan behera uzteko eskatu dute, baita Nafarroako Gobernuari dagokion erantzunkizuna hartzeko ere.

Pasa den abenduaren 17an Parlamentuak onartu zuen deklarazioa aintzat hartu eta preso nafarren eskubideak errespetatzeko eskatu du.

Ildo horretan, ‘Parot doktrina’ren indargabetzea eskatu dute eta Ines del Rioren kasua izan dute hizpide. Martxoaren 20an Europako Giza Eskubideen Epaitegiak haren gaia aztertuko duela eta, mobilizazioak iragarri dituzte.

Iruñean, Barañainen, Arbizun, Lekunberrin, Elizondon eta Tafallan egingo diren protestetan parte hartzeko deia luzatu dute.