Naiz.info
Iruñea

Ateak Irekiren itxiera salatu du eragile ugarik, eta erantzuteko konpromisoa agertu

Eragile politiko, sozial eta sindikalekin eta hainbat herritarrekin lagunduta, Ateak Irekiko kideek webgunea ixteko Audientzia Nazional espainolak emandako agindua gogor salatu dute. Era berean, jasotako elkartasuna praktikan jarri eta komunikazio proiektu berri bat abiatuko den konfiantza agertu dute.

Jendetsua izan da Ateak Ireki ixteko aginduaren aurkako agerraldia. (@sergiolabayen) Jendetsua izan da Ateak Ireki ixteko aginduaren aurkako agerraldia. (Iñigo URIZ/ARGAZKI PRESS)
Jendetsua izan da Ateak Ireki ixteko aginduaren aurkako agerraldia. (@sergiolabayen) Jendetsua izan da Ateak Ireki ixteko aginduaren aurkako agerraldia. (Iñigo URIZ/ARGAZKI PRESS)

Ateak Irekik lanean jarraitzeko asmoa du eta ez da geldirik geratuko Auzitegi Nazionalak agindutako itxieraren aurrean. Batzarra egin zuten atzo Iruñean eta gaur agerraldia egin dute Alde Zaharreko AEKren egoitzan, eragile politiko, sozial eta sindikalek lagunduta. Nola ez, Ateak Ireki posible egin duten herritarrak eta bere babesa adierazi nahi diotenak ere bertan izan dira.

«Ezin da onartu 3 orriko auto batekin Audientzia Nazionalak komunikabide bat ixteko aukera izatea», salatu hitza hartu duen Ateak Irekiko kide den Miguel Angel Llamas, ‘Pitu’-k.

Autoa irmoa ez den arren, ondorioak pairatzen ari direla salatu du, gaur egun telefonia enpresa guztiak webgunean sartzea oztopatzen baitute, «indefentsio» egoera bat eraginez.

Horrez gain, gogor arbuiatu du Llamasek autoak ez duela Ateak Irekiren aurkako akusazio zehatzik egiten, «soilik esaten da Herriraren parte garela». «Nola defenda dezakegu geure burua baldinatza hauetan? Zein herrialde demokratikotan gertatzen dira horrelakoak?», galdetu du.

Erasoa jaso duen komunikazio proiektuko kideen aburuz, argi geratu da PPren Gobernuak «Euskal Herrian ireki den aro politiko berriaren aurrean errepresioarekin erantzuten duela, besterik ez».

«Sozioekonomikoki garai konbultso hauetan, Ateak Ireki itxiz erakusten dute edozein ahots disidentea ezabatzeko borondatea dutela», azpimarratu dute.

Bide judizialetik ebazpenari eman diezaiokeen erantzunetik aparte, esfortzua bi norabideetan jarriko dute Ateak Irekiko kideek.

Alde batetik, «adierazpen askatasunaren aldeko erantzunik anitz eta zabalena» artikulatzea bilatuko dute. Horretarako, datozen egunotan manifestu «txiki baina kontundentea» jarriko dute martxan. Datorren larunbatean (19.00), Iruñeko Udaletxe plazan burutuko den kontzentrazioan parte hartzera ere deitu dituzte herritarrak. 

Bestetik, nabarmendu dute garrantzitsua dela «Nafarroako herri mugimenduak sarean ahotsa izatea, bereak adierazteko kanalak eta formak izatea».

Zentzu honetan, «jasotako elkartasun guztia datozen asteotan praktikan jartzeko» konfiantza agertu dute, «eta hori egin ahal izateko komunikazio proiektu berriak martxan jartzea».  «Lan horretan gure laguntza osoa izango dute», hitza eman dute Ateak Irekiko kideek.