Xole ARAMENDI - GAUR8
DONOSTIA

«Slow Food» mugimendua

Hogeita bost urteko bidea egin du «slow food» mugimenduak mundu mailan. Hamar urte geroago iritsi zen Euskal Herrira, indartsu. Mahaian esertzean hartzen dugun denboraz harago, herri bakoitzaren identitateari, tradizioari eta kulturari lotuta dago. Biodibertsitatea, bertako ekoizleekiko eta haien produktuekiko errespetua ditu ardatz. Bizkaian eta Araban da sendoen mugimendua. Atzetik doaz Gipuzkoa eta Ipar Euskal Herria. Nafarroan sortu berria da taldea. Carlo Petrini ideologo eta lider italiarra maiz etortzen da gurera bisitan.

Dani Lasa sukaldaria, Mugaritzeko baratzean. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZKI PRESS)
Dani Lasa sukaldaria, Mugaritzeko baratzean. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZKI PRESS)

Bizi filosofi oso bat dago slow food edo janari lasaiaren atzean. Identitatea, kultura, tradizioa, elikadura... ditu ardatz. Poliki jatea baino askoz urrunago doa.

Kopuruak ez dira makalak. 168 herrialdetara iristen da eta 150.000 bazkidetik gora dira mundu osoan. Carlo Petrini kazetari italiarrak 1989an jarri zuen abian mugimendua, Erroman betidaniko betidaniko jatetxearen tokian fast food edo janari lasterreko jatetxe bat ixteko kanpaina bat bultzatu ondoren. Lortu zuten.

Euskal herrialde guztietan daude convivium izeneko taldeak. Hego Euskal Herrian 650etik gora dira slow food mugimendua osatzen duten kideak. Barakaldoko BEC erakustazokan egiten den “Al Gusto” azokan elkartu ohi dira Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako kideak.

Sukaldaritza ez da sukaldean hasten, ekoizlea produktua ereiten ari den unetik bertatik hasten da. Produktu onak, garbiak eta bidezkoak aldarrikatzen ditu slow food mugimenduak. Alegia, kalitate onekoak, transgenikorik gabeak eta ekoizleari ordainetan prezio duina emango diotenak. Bertako arrazak eta elikagai barietateak bultzatzen ditu, eta, ekoizpenari dagokionean, ekoizpen ez-estentsiboa. Globalizazioaren aurrean tokian tokikoa. Homogeneizazioaren aurrean biodibertsitatea.

“Zaporearen kutxa” deitutako zerrendaren bidez babesten dira galzorian dauden barietateak. 30en bat daude Euskal Herrikoak. Lan handia dago egiteko gurean, ekoizle askok jakin ere ez baitakite beren produktua slow food markarekin merkatura daitekeenik. «Ahalik eta produktu gehien ‘Zaporearen kutxa’-n sartzea da gure helburua», azaldu dute euskal convivium ezberdinetako ordezkariek. Barietateen inguruan komunitateak ere sortzen dira.

Produktuekin batera, ekoizleak ere babesten ditu mugimenduak. Mundu osoan 350 baluarte baino gehiago daude 60 herrialde ingurutan banatuta. Ekoizleei aholkuak emanez eskala txikian garatzen diren proiektuak dira. Beren lan metodoak gorde, merkatu berriak sortu, ondarea babestu eta kontsumitzaileak heztea dira helburuak.

Eta sarea osatuz “kilometro 0” jatetxeak daude, plazer gastronomikoa eta bertako ekoizleekiko ardura elkarri eskua emanda doazela sinetsita lan egiten duten sukaldarien jatetxeak.