Joseba Salbador
Tolosa

Gipuzkoako EHNEko zuzendaritzak afiliatuen babes osoa jaso duela dio

Kongresuak «oinarrizko printzipioetara» itzuli eta elikadura burujabetza indartu beharra nabarmendu ditu. Garikoitz Nazabal lehendakari berriak osoko zuzenketa defenditzera «inor» ez zela joan salatu du.

Gipuzkoako EHNEk bere zazpigarren kongresua burutu du gaur Tolosan, 150 afiliatu baino gehiagoren parte hartzearekin eta Arabako UAGA zein Nafarroako EHNEko ordezkarien presentziarekin.

Bertan, zuzendaritza berria hautatu dute eta lehendakari berria Garikoitz Nazabal zaldibiarra izango da, lehendakariordea Antonio Otaegi eta exekutibako gainerako kideak, Nerea Soraluze, Aritz Katarain, Jose Antonio Odriozola, Iñaki Sorarrain, Asier Aristi, Begoña Galarraga eta Balentin Gabilondo.

Nazabalek txalotu egin du afiliatuek erakutsitako jarrera, «ez bakarrik parte hartze handiagatik, baizik eta prozesu osoan egindako ekarpenengatik». Zentzu horretan, sindikatua utzi duen taldeak aurkeztutako osoko zuzenketa atzoko batzarrera eraman zutela esan zuen, «baina ez da inor etorri hura defenditzera. Guk ez dizkiogu ateak inori ixten», esan du.

Gipuzkoako EHNEko lehendakari berriak sindikatuaren ikurretako bat elikadura burujabetza izaten jarraituko duela berretsi du, «herri honen burujabetzaren lehenbiziko zutabea ekoiztea baita».