NAIZ

Lakuari Jaizkibel konpainia babestera joateko deia egin dio Lamarka Arartekoak

Irailaren 8an irtengo dira Hondarribian bi alardeak, parekidea eta emakumea kantinera lanera mugatzen duena. Iñigo Lamarka Arartekoak instituzio guztiei Jaizkibel konpainia babestera joateko eskatu die. Lamarkak gogoratu du ukaezina dela emakumeek berdintasunean desfilatzeko duten eskubidea eta Irungo eta Hondarribiako udalak «isolatuta» daudela alarde diskriminatzailearen defentsan.

Emakumeak baztertzen dituen Alardea babesten duten gazteak iaz. (Idoia ZABALETA / ARGAZKI PRESS)
Emakumeak baztertzen dituen Alardea babesten duten gazteak iaz. (Idoia ZABALETA / ARGAZKI PRESS)

Hondarribiako alardea irailaren 8an izango da eta beste urte batez bi taldetan irtengo dira herritarrak: emakumeen parte hartzea kantinera izatera mugatzen duten konpainiak batetik eta denen parte hartzea berdintasun baldintzetan bermatzen duen Jaizkibel konpainia bestetik. Iñigo Larmarka Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Arartekoak Irungo eta Hondarribiako udalak «isolatuta» daudela esan du gaur EiTBn egin dioten elkarrizketan «ukaezina» delako emakumeek desfilatzeko duten eskubidea. Instituzioen adierazpenak eta epaitegienak gogoratu ditu.

«Zer egiten dute udalek berdintasun eskubidea bermatzeko? Ez dago erantzunik, alade tradizionala babestera mugatzen dira», esan du. Jaizkibel konpainiak existituko ez balu asmatu egin beharko litzatekeela esan du.

Lamarkak erakunde guztien ordezkaritzak bertan egon beharko lukeela esan du, Jaizkibel konpainia babesten. Bilduk Gipuzkoako Foru Aldundiaren gidaritza hartu zuenetik bertan izan da urtero Martin Garitano Diputatu Nagusia eta bertan izan ohi dira ere Arartekoa bera eta Emakundeko garaian garaiko ordezkaria. Lakuako Gobernuaren ordezkaritza ez, ordea.

Hausnarketa eskaria... Jaizkibeli

Berdintasunean urratsak ematetik urrun, uztailaren amaieran Hondarribiako Udalak Jaizkibel konpainiari eskatu zion «hausnartu dezala 17 urteko estrategiak utzi dituen ondorioen inguruan». Abuztu hasieran salatu zuen EH Bilduk EAJk, Hamaikabatek eta PPk onartutako mozioa. Testu horretan Jaizkibel konpainiari hausnarketa eskatzeaz gain ordutegia atzeratzeko deia egin zion. EH Bilduk aurrez aurkeztutako mozio baten erantzuna izan zen hiru alderdi atzerakoiek onartutakoa, independentistek plastiko beltzak jartzearen aurkako testua aurkeztu baizuen. Emakundek mozioarekin zur eta lur geratu zela adierazi zuen.