NAIZ
BILBO

Britainia Handitik estraditatutako Raul Fuentes bilbotarra espetxeratu dute

Auzitegi Nazional espainolaren Opor Aretoak Raul Fuentes Villota bilbotarra espetxeratzeko agindua eman du. Liverpoolen atxilotu zuten, 2012ko azaroan, eta atzo estraditatu zuten.

Efe berri agentziaren arabera, atzo estraditatu zuten Villota Britainia Handitik eta Auzitegi Nazional espainolak haren espetxeratzea agindu du asteazken honetan.

2012ko azaroan atxilotu zuten, Liverpoolen, eta ordutik espetxean egon da. Iragan maiatzean onartu zuen justizia britainiarrak bilbotarraren estradizioa.

Efe agentziaren arabera, 1991n polizia baten autoan lehergailu bat jartzen saiatzeagatik epaitzeko estraditatu dute.

Urte hartan bertan, ETAko kide izatea egotzita atxilotu eta espetxeratu egin zuten. Estradizio prozesuan zehar salatu duenez, torturatu egin zuten orduan.

Epaitua izan gabe lau urte eman zituen espetxean eta 1995ean utzi zuten aske.

Sortu

Ohar baten bitartez, Fuentesen estradizioa eta espetxeratzea salatu ditu Sortuk. Europako eta, bereziki, Britainia Handiko agintariei dei egin diete, Euskal Herriko bake prozesuan lagun dezaten.