NAIZ
DONOSTIA

Hamalau film lehiatuko dira 62. Donostia Zinemaldiko Horizontes Latinos sailean

62. Donostia Zinemaldiko Horizontes Latinos sailaren programazioak hamalau film bilduko ditu, Argentinan, Mexikon, Txilen, Brasilen, Uruguain eta Kolonbian eginak.

Viggo Mortensen protagonista duen ‘Jauja’ filma ere izango da Horizontes Latinos sailean. (NAIZ)
Viggo Mortensen protagonista duen ‘Jauja’ filma ere izango da Horizontes Latinos sailean. (NAIZ)

Zinemaldiko antolatzaileek ostegunean jakinarazi dutenez, Horizontes Latinos sailean izango diren lan guztiak nazioarteko jaialdi garrantzitsuetan lehiatu dira edo parte hartu dute, baina Estatu espainolean ez dira aurkeztu, ez jaialdietan, ez zinema-aretoetan.

Aukeratutako filmak Horizontes Saria lortzeko lehiatuko dira. Sari horretarako berariaz sorturiko epaimahai batek erabakiko du hura nori eman, eta irabazleak 35.000 euro jasoko ditu. Horietatik 10.000 euro filmaren zuzendariarentzat izango dira, eta gainerako 25.000 euroak, Estatuko banatzailearentzat.

Aurkeztuko diren filmak ‘Casa grande’ (Felipe Barbosa, Brasil-AEB), ‘Ciencias Naturales’ (Matías Lucchesi, Argentina-Estatu frantsesa), ‘Dos disparos’ (Martín Rejtman, Argentina-Txile-Herbehereak-Estatu frantsesa), ‘Gente de bien’ (Franco Lolli, Kolonbia-Estatu frantsesa), ‘Güeros’ (Alonso Ruizpalacios, Mexiko), ‘Historia del miedo’ (Benjamín Naishtat, Argentina-Estatu frantsesa-Alemania-Uruguai-Qatar), ‘Jauja’ (Lisandro Alonso, Argentina-AEB-Mexiko-Herbehereak-Estatu frantsesa-Danimarka-Alemania), ‘La princesa de Francia’ (Matías Piñeiro, Argentina), ‘La salada’ (Juan Martín Hsu, Argentina-Estatu espainola), ‘La tercera orilla’ (Celina Murga, Argentina-Alemania-Herbehereak), ‘Matar a un hombre’ (Alejandro Fernández Almendras (Txile-Estatu frantsesa), ‘Praia do futuro’ (Karim Aïnouz, Brasil), ‘Refugiado’ (Diego Lerman, Argentina-Kolonbia-Estatu frantsesa-Polonia-Alemania) eta ‘Vientos de agosto’ (Gabriel Mascaro, Brasil) dira.

Viggo Mortensen

Proiektatuko diren filmetan, badaude nazioartean ezagunak diren aktoreak; izan ere, Viggo Mortensen Lisandro Alonsoren ‘Jauja’ filmaren protagonista da. Filma Canneseko zinema-jaialdiko ‘Un Certain Regard’ sailean lehiatu zen eta FIPRESCI saria irabazi zuen.

Bestalde, ‘Güeros’, hasierako road movie-a eta komedia, Estatu frantseseko Uhin Berriaren omenezkoa, Berlingo zinema-jaialdiko Panorama sailean opera prima onenaren saria irabazi zuen; Tribecako zinema-jaialdian, aldiz, argazki onenaren saria eta epaimahaiaren aipamen bat.

‘Historia del Miedo’-ri dagokionez, Donostia Zinemaldiko Zinema Eraikitzen saileko iazko edizioan parte hartu ondoren, Benjamín Naishtaten lehenengo filma Berlingo zinema-jaialdian lehiatu zen eta Jeonjuko zinema-jaialdian pelikula onenaren saria eman zioten. Era berean, ‘La salada’ iazko Zinemaldian Zinema Eraikitzen saileko Industriaren Saria irabazi zuen.

‘La tercera orilla’ Berlingo zinema-jaialdiko Sail Ofizialean lehiatu zen baita ‘Praia do futuro’ ere. Azken honek, Sebastiane Latinoa saria irabazi du ere, Donostiako Zinemaldian emango diotena.