NAIZ
BILBO

Abuztuak 1.250 langabe gehiago utzi ditu Hego Euskal Herrian

Abuztuaren bukaeran 215.390 lagun zeuden Hego Euskal Herriko enplegu bulegoetan izena emanda, aurreko hilabetean baino 1.250 gehiago, Enplegu Ministerio espainolak emandako datuen arabera. Soilik Nafarroan jaitsi da langabe kopurua. 

Gizon bat, Lanbideren bulego batera sartzen, Donostian. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)
Gizon bat, Lanbideren bulego batera sartzen, Donostian. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)

Azken hilabeteotako eheranzko joera hautsi eta, Estatu espainolean bezalaxe, gora egin du langabe kopuruak Hego Euskal Herrian. Orotara, 1.250 lagun gehiago zeuden abuztu bukaeran enplegu bulegoetan izena emanda.

215.390 langabe daude guztira Hego Euskal Herrian.

Jaitsiera bakarra Nafarroan jazo da, aurreko hilabeteko datuekin alderatuta, %1,17 egin baitu behera langabe kopuruak (545 lagunek aurkitu dute lana). Guztira, 46.202 dira enplegu bulegoetan izena emanda dauden nafarrak.

Igoerarik handiena, aldiz, Gipuzkoan izan da, %1,91 egin baitu gora langabe kopuruak (880 pertsona). Orotara, 46.978 pertsona daude herrialde horretan langabezian.

Araban %1,70 igo da langabe kopurua abuztuan, 464 lagunek eman baitute izena enplegu bulegoetan. 27.752 arabar daude lanik gabe.

Bizkaian %0,48 egin du gora langabe kopuruak (451 pertsona), guztira 94.458 lagun ari direlarik lan bila.

Iazko datuekin alderatuta, herrialde guztietan egin du behera langabezia tasak: %8,92 Nafarroan, %2,77 Bizkaian, %2,28 Gipuzkoan eta %0,47 Araban.

Estatu espainol mailan, abuztuaren bukaeran aurreko hilabetean baino 8.070 lagun gehiago zeuden enplegu bulegoetan izena emanda. Guztira, 4.427.930 pertsona daude langabezian.