NAIZ
PARIS

Jon Etxeberria, Ruben Rivero eta Iñigo Sancho zigortu ditu Estatu frantsesak

Justizia frantsesak 8, 7 eta 6 urteko espetxe zigorra ezarri die, hurrenez hurren, Jon Etxeberria, Ruben Rivero eta Iñigo Sanchori. 2012ko urtarrilean atxilotu zituzten hiru lagunak ETAren egitura logistikoko kide izatea egotzita zigortu dituzte.

Jon Etxeberria gasteiztarrari, Balmasedako Ruben Rivero eta Errekaldeko Iñigo Sanchori, hurrenez hurren, zortzi, zazpi eta sei urteko zigorra ezarri zien atzo Parisko Auzitegi Korrekzionalak. 

ETAren egitura logistikoko kide gisa epaitu dituzte eta leporatzen zitzaizkien delitu guztien errudun direla ebatzi du epaileak.

Zigorra betetakoan Estatu frantsesetik kanporatuak izateko agindua ere eman zuen auzitegiak eta, horrez gain, lapurtu zuten auto baten jabeari 3.000 euro eman beharko dizkiote.

2012ko urtarrilaren 14ean atxilotu zituzten hiru euskal herritarrak, Paris hegoaldean.