NAIZ

Andoni Goikoetxea erasotua izan da Fleury-ko espetxean

Etxerat elkarteak ezagutzera eman duenez, astelehen goizean gertatu zen erasoa Goikoetxeak erizaindegian zeukan hitzordu aurretik. Hamar eguneko mitard zigorra ezarri diote euskal presoari.

Andoni Goikoetxea Gabirondo euskal presoa erasotua izan zen joan den astelehenean Etxerat elkarteak salatu duenez.

Komunikabideei igorritako oharrean azaltzen dutenez, Fleuryko espetxean dagoen erizaintzara joateko dagoen pasilloan hainbat funtzionario egoten da identifikazioa erakusteko. Astelehenean ostera, Fleuryko euskal preso politikoek onartzen ez duten funtzionarioa bat bakarrik zegoen. Euskal Preso Politikoen Kolektiboak ez du onartzen berarekin harremanik ez baita lehen aldia preso bat erasotzen duena, gaineratu dutenez.

Bidalitako informazioaren arabera, Goikoetxea funtzionarioaren aurretik pasa zen erizaindegira eta bere espetxe barruko nortasun-agiria erakutsi arren, ez zen gelditu. Funtzionarioak atzetik jarraitu zion bera zegoen lekura itzultzeko esaten ari zitzaiola. Goikoetxeak aurrera jarraitu zuen eta erizaindegi atarian funtzionarioak bi alditan bultzatu zuen.

Etxeratek dioenez, funtzionarioa atean jarri zen, euskal presoak aurrera jarraitu zuen indarrez eta biak lurrera erori ziren. Une horretan, erizaindegian ziren bi funtzionario etorri ziren eta euskal presoa inmobilizatu ostean, buruan bi ostiko eta bizkarrean beste pare bat jaso zituen.

Itxaron gela batetara eraman zuten Goikoetxea eta horren ondoren, erizaindegiko hitzordua egin zuen. Hori bukatu eta minutu gutxitara mitard-era eraman zuten. Hamar eguneko mitard zigorra jaso du eta asteazkenean aterako da.

Kepa Arkauzek borrokaldia abiatu du Villepinte-n

Bestalde, Paris inguruko Villepinte espetxean aurkitzen den Kepa Arkauzek borrokaldia abiatu du bere egoera salatzeko. Arrasateko euskal preso politikoa bakarrik dago espetxean ekainaren 6an, Iñaki Dominguez Atxalandabaso Villepinteko espetxetik Estatu espainolera estraditatu zutenetik.

Arkauzek abokatuen bitartez, hainbat alditan eskatu dio Le Vert epaileari beste presoren bat bidali dezala Villepinteko espetxera edo, bestela, arrasatearra beste espetxe batera mugitu dezala.