NAIZ
BILBO

Elkarlanerako deia egin die Udalbiltzak Euskal Herrian sinesten duten hautetsi guztiei

1999an Bilboko Euskalduna jauregian eraketa batzarra egin zutenetik hamabost urte bete direnean, Euskal Herrian sinesten duen hautetsi orori elkarlanerako deia egin dio Udalbiltzak. Ikasturte honetarako erronka gizarte eta lurralde kohesioan sakontzea dela ere azaldu dute.

Euskalduna jauregian egin dute agerraldia Udalbiltzako ordezkariek. (Monika DEL VALLE/ARGAZKI PRESS)
Euskalduna jauregian egin dute agerraldia Udalbiltzako ordezkariek. (Monika DEL VALLE/ARGAZKI PRESS)

Duela hamabost urte eraketa batzarra egin zuen leku berean, Euskalduna jauregian, burutu du agerraldia Udalbiltzak erakundearen egungo egoerari buruzko balorazioa egin eta hasi berri dagoen ikasturteari begirako erronkak azaltzeko.

Agerraldian Mertxe Aizpuruak (Udalbiltzako lehendakari eta Usurbilgo alkatea) eta Iratxe Lopez de Aberasturik (lehendakariordea eta Gasteizko zinegotzia) hartu dute hitza, eta haien ondoan izan dira Ur Algero, Aresoko alkatea; Maitane Nerekan, Getxoko zinegotzia; eta Eneko Aldana Douat, Ziburuko hautetsia.

«Udalbiltza dugu euskal erakunde nazional bakarra», esan dute, eta gaineratu 15 urte hauetan «bere xedeak ez duela indarrik galdu». Hori dela-eta, 1999ko irailaren 18. hartan Euskalduna jauregian adostutako sorrera printzipioak berretsi dituzte gaur.

Azaldu dutenez, egun zazpi lurraldeetako 1.400 hautetsi baino gehiago biltzen ditu Udalbiltzak, horien artean 177 alkate.

Beren bokazioa, adierazi dute, «Euskal Herri osoaren garapenaren alde lan egitea da, euskal herritar guzti-guztien zerbitzura dagoen erakundea izatea».

Ateak irekita

«Biltzarraren ateak irekita daude lehen aipatutako printzipio horiek bere gain hartzen dituzten talde politiko naiz hautetsi independente guztientzat, muga administratiboen gainetik, XXI. mendeko euskal komunikatea denon artean eraikitzeko», esan dute.

Aizpuruak eta Lopez de Aberasturik argi utzi nahi izan dute «Euskal Herriaren izana aintzat hartu eta gure herriaren antolakuntzan lan eigteko gogoa duten hautetsi guztiekin batera» bideak bilatzeko ahaleginak egiten jarraituko dutela aurrerantzean ere.

Era berean, hasi berria den ikasturterako Udalbiltzaren lan ildoak plazaratu dituzte, lurralde eta gizarte kohesioan sakontzeko xedea dutenak.

Azkenik, lan ildo horiek onartzeko eta Zuberoa, Nafarroa Beherea eta Lapurdiko hautetsi berrien kidetzea formalizatzeko, iragarri dute Uztaritzen egingo dutela hurrengo batzar orokorra, datorren urriaren 4an.