NAIZ
DONOSTIA

Aldundiaren proposamena Kutxaren Batzarrera eramateko eskatu dio Garitanok Iturberi

Gipuzkoako Aldundiak Kutxaren inguruan egin duen proposamena aurkeztu dio Martin Garitanok Xabier Iturbe Kutxako lehendakariari eta erakundearen Batzarrera eramateko eskatu dio.

Martin Garitano, Kutxaren inguruko proposamena aurkeztu zuenean, irailaren 10ean. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)
Martin Garitano, Kutxaren inguruko proposamena aurkeztu zuenean, irailaren 10ean. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)

Martin Garitanok pertsonalki azaldu dio Xabier Iturbe Kutxako lehendakariari erakunde horrek publikoa izaten jarrai dezan Gipuzkoako Foru Aldundiak egin duen proposamena. Bilera egin dute biek gaur goizean, eta ahaldun nagusiak planteamenduaren nondik norakoak helarazi dizkio.

Bilera hasi aurretik Garitanok esan duenez, Aldundiaren proposamena Kutxaren Batzarrera eramateko eskatuko dio Iturberi. Proposamenak berme juridiko guztiak dituela, legezkoa dela eta, beraz, «guztiz egingarria» dela nabarmendu du.

Ahaldun nagusiak joan den astean igorri zion eskutitza Iturberi, proposamenaren berri emanez eta bilera bat eskatuz. Kutxak Kutxabanken dituen akzioak udalen eta Foru Aldundiaren esku uztea proposatu du Diputazioak, doako eskualdatze baten bidez. Kutxak ere akzio kopuru jakin bat izango luke eta Gizarte Ekintza kudeatzeaz arduratuko litzateke fundazio arrunt gisa, banku fundazio bihurtu beharrik gabe.