Ariane Kamio | 7K
Entrevista
Joseba Sarrionandia

«Errurik gabe ez genuke eskubiderik, ezta eskubideon aldeko ahalegina egin izanaren duintasunik ere»

Espresuki musikatzeko testuak sortu ditu Joseba Sarrionandiak “Gosariak” egitasmorako. Ez omen dira poemak; beste genero batekoak izan daitezkeela dio, beharbada. Dena delakoa izanda ere, gai ugari jorratzen ditu idazle iurretarrak, egoera ekonomikotik hasi eta gaurkotasun politikoraino. Berak erdaratutako testuekin batera aurkezten ditu euskarazko jatorrizko sorkuntzak, tonu desberdinez jantzitakoak. Lerrootan azaldu dizkio 7Kri lan berriaren zertzelada batzuk eta beste zenbait gairen gaineko ikuspuntua.

(Irudia: Koldo Landaluze)
(Irudia: Koldo Landaluze)

1999an (‘Hau da ene ondasun guzia’, Txalaparta) argitaratu zenuen azken poesia liburua. Ez da desertua izan orain arte ibilitakoa. Bidean sortu dituzu ‘Lagun izoztua’, ‘Kolosala izango da’, ‘Akordatzen’ eta beste hainbat lan ‘Moroak gara behelaino artean?’ saiakerara arte. Baina poesiarik ez tartean. Poesiarako gosea apaldua izan duzu denbora horretan guztian ala noizean behineko «mokaduz» osatuta prestatu dituzu ‘Gosariak’?
Idazten jarraitu eta zaku batera bota izan ditut poemak, ‘Itzuli ezinak’ deitzen den zaku batera, igual egunen batean argitaratuak izateko. Baina hauek ez dakit poemak dei daitezkeen, beste genero batekoak dira beharbada, abestiak izateko apropos sortutako testuak.

Goseren musika, zure testuak eta Iñigo Arregi eta Juan Luis Goikolearen ilustrazio eta eskulturak batzen dituen egitasmoa da honakoa. Nondik nora sortu da proiektu berri hau?
Lagun batek proposatu zidan parte hartzeko eta, Gosekoak pertsonalki ezagutzen ez ditudan arren, nire aportazio txikia egin dut elkarlan horretara.

Hasiera batean Gose taldeak musikatzeko poesia bat izan zenak disko oso batean izan du azken emaitza. ‘Gosariak’, ordea, ez da ez Goseren azken diskoa, ez Sarriren azken poesia liburua. Ez dira norbanakoaren lan propio hutsak. Zer da zehazki?
Kolaboratzen duzunean bestelako zerbait sor daiteke, eman dezagun batek iltze bat egiten duela eta besteak gako moduan ere erabil dezakeela. Horixe da elkarlanaren onura eta espero dut abestiok erabilgaitasun hori izatea.

Gogoramenari asko eragiten diozu testuetan. Akordua. Herria. Aspaldiko bizimoduak. Iraganeko belaunaldietako protagonistak. Ohiko estiloa da zugan. Denboran atzerago, garai desberdin batean, Joseba Sarrionandia ere bizi izan zela dirudi. Zer geratu zitzaizun atzean?
Logikoa da Euskal Herriko erreferentzia zaharrak izatea, ez banaiz bertan ibili 34 urteotan. Erregimen Zaharrean utzi, geratu zitzaidan umea.

Irudi desberdinak darabiltzazu testuetan, baita tonu askotarikoak ere. Umoreari eta ironiari eragiten diezu, eta kritiko ere agertzen zara. Banku atrakatzaileez ari zara, esaterako, aurrez aurreko lapur kasik desagertu haietaz. Eta banketxeak jarri dizkiezu konpetentzian, oharkabeko lapurreta handietan aritzen diren bankuak.
Bankarien satiratzat har daiteke testu hori, baina errealismo hutsa ere bada, ezta? Dena dela, nik ez dut ezer deskubritu, Txirrita ere orain ehun urte konturatu zen horretaz: «Lapur txikiak kastigatzeko nonahi badago kartzela; haundiak hor ikusten ditut paseoan dabiltzala…».

Baina, gure poltsikoez harago, zer diozu egungo gizartearen norabideaz? Oharkabetzera bidean al doa?
Finkoa zirudien guztia desegiten ari dela bizi izan dugu gure belaunaldikoek. Orain ere, «krisi ekonomikoa» aipatzen da, baina ez da «krisia» baizik tendentzia bat, eta ez da «ekonomikoa» bakarrik, baizik bizimodu aldaketa bat. Globalismo indibidualistaren baldintza berrietan, era programatuan zaharkituriko tresnen artean, dena malgua izan behar omen denean, zaila da kontsumismoa gainditzen duen bizimodurik imajinatzea.

Enpresariek, bankariek eta armagileek agintzen dute. Gizartea desmuntatuta dago, politika parte hartzailerik asumitzeko gauza ez dela. Eta Inperioak sistema hori babesteko gerra etengabea dauka hasita mundu osoan.

Inperio erromatarra eta Israelgo Estatuaren erasoa nahastu dituzu azken abestian. Bilantzikoa masakre kronika bihurtzen da abestian zehar.
Esperimentu formal bat da horrexeri buruz, finkoa zirudien guztia nola erortzen den erakusteko. Gabon kanta sinple eta inozenteak posible zireneko mundua, gure ume denborakoa esate baterako, hondatuta dago ja. Nobiscum Deus esan dute beti inperioek, «Jainkoa geure alde dago», boteretsuak bere legea ezartzeko arrazoi eztabaidaezina, baina Jainkoaren heriotzarekin gauzak beste oinarri batzuekin planteatu beharko lirateke.

‘Biguntzea’ eta ‘eskuzabaltzea’ ere aipatzen dituzu. Elkar lotze horrek dakarren konpromisoak ihes egin al digu eskuetatik?
Arazoa da zelan errekuperatu politika, zelan goberna dezakeen jendeak bere burua. Estatu-nazionalak horretarako sortu ziren, gizarte bakoitzak bere antolaketa eta ordezkaritza izateko. Baina orain udaletxean zer gertatzen den jakin dezakezu, baina estatuan ja jendearen gaineko beste botere batzuek agintzen dute, eta Europan zer esanik ez. Nortzuek eta zertarako erabakitzen dute bonbardatu behar direla Afganistan eta Libia, Irak edo Siria? Nola diseinatzen da politika totalitario hori? Hauteskundeak egiten dira, baina ez da egia hautesleen iritziak ordezkatzen direnik goi mailako politikan.

Gure egoera politikoaz ere ari zara. Halaxe diozu azalpen batean: «Eskubide politiko mugatu eta baldintzapetuekin, erabakitzeko eskubiderik gabe, bizi izan dugun iragana itxuraldatuta, hitzak ere urratzen dizkigutela, zer egingo genuke ba, guk, errurik gabe?». Historia ere geurea badela baieztatzeko era bezala aldarrikatzen duzu erruduntasuna. Baina euskaldunok ez al daukagu gauza gehiegiren errua?
Jakina errua dugula, eskubiderik ez dugulako. Abestian, hitz-girgilu hori dela eta, boterearen eta lengoaiaren jabeen kontrako hausnarketa egiten da.

Ez omen dugu eskubiderik, errua dugulako. Eskubide horien alde borroka egitearen errua. Baina errurik gabe ere ez genuke eskubiderik. Orain errua dugu behintzat, eskubide horien alde ahalegindu izanarena. Erru hori gabe, ez genuke eskubiderik, ezta eskubideon aldeko ahalegina egin izanaren duintasunik ere.

Azken urteak gertaera ugari ekarri ditu. Nazioarteko adituek ETAren armagabetze prozesuaren abiapuntua baieztatzea; ETAk azpiegitura zenbait indargabetzea; Gure Esku Dago-k antolatuta, ekainaren 8an egindako giza kate erraldoia. Urratsak egin dira, baina aurrerapausorik ikusten al duzu?
Gure alderdi politikoek azken hamar urteetan erabili dituzten eskemekin ezin da euskal gizartea antolatzeko pauso handirik eman eta uste dut euskaldun gehienak zain gaudela geure burua antolatzen noiz hasiko. Gobernu espainolaren jarrera blokeozkoa da, baina nork espero du estatu espainolak laguntzea gure aurrerapausoetan? Euskal Herririk ez da izango euskaldunek egiten ez badugu. Naziorik ez dugu oraindik, komunikazio espazio hori ere antolatu gabe daukagu, eta ezgaitasun hori «independentzia, independentzia» oihu eginez ezin da estali. Klaro geure esku dagoela, baina geure burua modu oinarrizkoenetan antolatzeko ere ez gara gauza izan oraindik.

Txalupa baten gainean jarri zara, gainontzeko guztiekin batera. Boga eta boga, ikusi ez baina imajinatzen dugun porturantz goazela diozu [‘Ikusten al da porturik? Ez dugu ikusten, baina imajinatzen dugu. Imajinatzen dugu eta haruntz goaz arraunean’]. Imajinazio hutsa ez ote da ur konplikatuegia?
Baina ez naiz imajinazio hutsaz ari, baizik errealitatea aldatzeko imajinazio errealistaz. Egia da imajinazioa behar dela euskal herri-proiektu bat aurrera eramateko, estatu nazional lez edo estaturik gabeko komunitate moduan ere. Baina edozein proiektu kolektibotarako behar da imajinazioa. Herriak imajinazioa eta gogoa dira. Zer dela eta ez dugu ba Euskal Herri independente bat imajinatuko?

Imajinazioa substantzia eskasa edo arriskutsua delako ez da izango, merkurioa bezala, ze independentziarako imajinazio apur bat erabili beharko dugu, baina imajinazio gehiago behar da gauzak gaur egun dauden moduan ondo daudela pentsatzeko.

Zoroez ari zara, baita ‘normala’ izan daitekeenaz ere.
Normalitatearen arrazoibidea tautologikoa izaten da, eta abesti hori parodia da apur bat horrexena. Zorakeria asko onartu dira normaltzat, gizarte osoan ere bai, eta orduan beti zentzuzkoa izatea ez da erraza. Adibidez, Psikologia zientzia gisa fundatu zenean, XIX. mendearen erdialdera Estatu Batuetan, esklabotza instituzio normaltzat hartzen zen eta esklabo batzuen askatasun gogoa, ostera, psikopatologiatzat hartzen zen. Eskizofrenikoen pareko gaixotzat hartzen ziren esklabotzatik ihes egiten ahalegintzen zirenak.

Eta Euskal Herriko normalizazioa, orokorrean, non dago? Zein aldetan?
Euskaldunak joera betikoa dugu politikan alderdikeriara, horrela betetzen da jende asko: ni ganboinoa naiz eta oinazinoak ganorabako hutsak dira, edo ni liberala naiz eta karlistak ergelak dira, eta gaur egunekoak berdin. Identitate adierazle bat da batzuentzat, alderdia. Santa Agedako harresi zati bat lurrera bota eta harri apurtuen gainean eserita batzarra egin beharko genuke, ez bata bestearen alderdia seinalatzeko, baizik eta denontzako moduko eta harresirik gabeko bizileku bat egiteko.

Presoen afera ez duzu albo batera utzi. Azken denboran EPPK-k pausoak eman eta egoerari irtenbidea bilatzeko borondatea erakutsi badu ere, ezer gutxi aldatu da espetxeetako egunerokoan. Sakabanaketa, istripuak, kartzeletako egoera lazgarriak, heriotzak, gaixotasunak, isolamenduak… Gobernu espainolaren aldetik erantzun eskasak jaso dituzte egindako proposamenek, ezkorrak gehienak. Giltzak eta sarrailak atea ireki ahal izateko bat etorri behar badute, non dago gakoa?
Espainiako justizia ez da egundo oso justua suertatu euskaldunentzat. Espainian beti gabiltza presoak kartzelatik ezin atera. Amnistia hain zaila denez, igual independentzia errazagoa izango da.

Einstein, Neymar, Bob Marley, Anbotoko Mari eta beste asko ipini dituzu Durangoko Plateruekin Alaitasunaren aldeko konjuran. Arrakasta izango ote du konjura horrek?
Abestia alaia izango da behintzat eta konjuran parte hartzea zabalik dago. Tristurari himno bat ere ahalegindu ginen prestatzen, baina apur bat tristea atera zen eta horregatik ez da sartu diskoan.

[Irudia: Koldo Landaluze]