NAIZ
DONOSTIA

Morlans, Ibaeta eta Martutenera zabalduko du auzo konposta Donostiako Udalak

Donostiako Udalak hiru auzo gehiagotara hedatuko du auzo konposta egiteko aukera. Azarotik aurrera, Morlans, Ibaeta eta Martutene auzoeta ere konposta sortzeko guneak izango dira, hondakin organikoetatik abiatuta.

Morlansen jarri duten auzo konpostarako gunea. (DONOSTIAKO UDALA)
Morlansen jarri duten auzo konpostarako gunea. (DONOSTIAKO UDALA)

Donostiako Udalak azaldu duenez, Morlans auzoan gaur bertan ezarri dute konpostatzeko gunea, Leire plazako etxeen atzealdean eta beste bi auzoetan, Ibaetan eta Martutenen, datorren astean jarriko dituzte.

Aurrez ekimenak beste auzoetan –Añorga, Zubieta, Aiete eta Igeldo– ekimenak erantzun ona izan duela gogoratu dute. Orain arte, gune horietan zazpi tona konpost lortu dituzte, 23 bat tona biohondakin tratatu ondoren. Beste 16 tona biohondakin konpostatzeko prozesuan daude.

Herritarrak hondakin gutxiago sortzeko beharraz gero eta jabetuago daudela azpimarratu du Axier Jaka Ingurumeneko zinegotziak. «Auzo konposta harrera ona izaten ari da Donostian; gaur egun, 66 familia parte hartzen ari dira modu aktiboan konposta auzolanean sortzen, eta programa honi esker denok partekatu ditzakegu hondakinak kudeatzeko ardura eta autogestio komunitarioa», esan du.

Zehaztu duenez, laster zazpi auzotan izango da konposta auzolanean egiteko aukera, eta 125 familia baino gehiago atxikiko zaizkio programa horri. Datorren urtean beste hiru auzotan jarriko dituzte konposta guneak.