naiz
iruñea

Omenaldi frankistak ekiditeko zer egingo duen galdetu dio EH Bilduk Enrique Mayari

Iazko Santu Guztien Egunean Hermandad de Caballeros Voluntarios de la Cruz deitutako talde batek omenaldia burutu zuen Iruñeko udal hilerrian hildako frankisten oroimenez. Halakoak ekiditeko zer egingo duen galdetu dio orain EH Bilduk Iruñeko alkate Enrique Mayari.

Iaz, Iruñeko udal hilerrian frankistei egindako omenaldia. (EH BILDU)
Iaz, Iruñeko udal hilerrian frankistei egindako omenaldia. (EH BILDU)

Omenaldi frankista izan zen iaz Santu Guztien Egunean, Iruñean. Hermandad de Caballeros Voluntarios de la Cruz deitutako taldeak omenaldia burutu zuen hildako frankistak gogoan. Egun hartan Nafarroako eta Espainiako balnderak zintzilikatu zituztela esan du EH Bilduk eta hizlarietako batek antolakunde frankistako kapa bat soinean egin zuela hitzartzea.

Gertakaria Osoko Bilkurara eraman zuen EH Bilduk eta UPNk omenaldi horren berri ba ote zuen galdetu zion. «Gaur gaurkoz, askotan gertatu bezala, EH Bilduk ez du UPNren erantzunik jaso», adierazi du koalizioak ohar bidez.

Urtebete igaro ondoren eta Santu Guztien Egunaren bezperak, EH Bilduk galdera zuzena igorri dio Iruñeko alkate Enrique Mayari: «ea bere Udal Gobernuak horrelako omenaldi faxistak errepikatzea ekiditeko neurritik hartuko duen, biharko egunean zein bestelakoetan ere».

EH Bilduren aburuz, «memoria kolektiboa eta historikoa keinu txikiekin errespetatu behar da, eta keinu horietako bat hain zuzen ere hirian dagoen sinbologia frankista guztia kentzea da». Esan duenez, monumentu adierazgarrienetako ba udal hilerrian hildako frankistentzako gordetako eremua da.

Mayari zuzendutako gutun formala erregistratu du EH Bilduk, «zeinean iazko argazkiekin batera gai honen inguruko kezka azaltzen diogun. Eta publikoki egin dugun moduan, ekitaldi faxista hauek errepikatzea ekiditeko zer neurri hartuko dituen galdetu diogu, bere ardura baita bai ekitaldi hauek galaraztea zein sinbologia frankista erretiratzea».