NAIZ
DONOSTIA

Babes zabal eta anitza adierazi diote hainbat eragilek Ziburuko Kaskarotenea ikastolari

Donostiako Ikastolen Etxean Kaskarotenea ikastola babesteko, eragile ezberdinak elkartu dira eta azaroaren 8an Ziburun burutuko den manifestaziora joateko deia egin dute.

Babes zabala jaso du Donostian Ziburuko ikastolak. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)
Babes zabala jaso du Donostian Ziburuko ikastolak. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)

Euskalgintzako, kulturgintzako eta eremu ezberdinetako gizarte eragileak elkartu dira Ziburuko auzapeza ikastolaren kontra daukan jarrera arbuiatu eta Kaskaroteneari babesa adierazteko.

Manifestazioa deitu zutenetik egoerak okerrera egin duela oroitarazi du Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko presidenteak. Kontseiluko Paul Bilbaok eraso hauei aurre egiteko lege baten beharra aldarrikatu du.

Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseilua, Euskal Konfederazioa, Udalbiltza, AEK, Euskal Herrian Euskaraz, Sortzen, Biga Bai, Berria taldea, Bertsozaleen Elkartea, ELA, LAB, Ernai gazte antolakundea eta Gazte Abertzaleak taldeko ordezkariak izan dira prentsaurrekoan, baita kultura munduko hainbat ordezkari ere.

Agerraldian hitza hartu dute Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko presidentea, Laida Mujika Kaskaroteneako presidentea, Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusia ELA sindikatuko idazkari nagusiaren ondoko Amaia Muñoak, LAB sindikatuko idazkari nagusi Ainhoa Etxaidek eta Udalbiltzako lehendakari Mertxe Aizpuruak.

Ikastolei babesa

Tellituk eskerrak eman ditu «konbentzimendu osoa dugulako Kaskarotenea ikastolaren defentsa ez dagokigula ikastoloi soilik». Zentzu horretan, bertaratu direnez gain beste norbanako eta eragile askok emandako babesa azpimarratu du. Bide horretan, manifestaziora joateko deiak anitzak izaten ari direla nabarmendu du Tellituk.

Denen beharra ere nabarmendu du: «Zuen guztion beharra badugu, Guy Poulou auzapeza mugiarazteko eta konponbide baten bila mahai baten inguruan eser arazteko, manifestaziora deitu genuen lehen egunetik hona egoerak okerrera egin baitu. Inoiz baino premiazkoagoa da, beraz, agerraldi hau bera».

Laida Mujika Kaskaroteneako presidenteak oroitarazi du Poulok argindarra kendu diola ikastolari eta epaitegira eraman duela berriz, oraingoan eguneroko 100 euroko isuna 400 eurokoa izan dadin. Aldi berean Euskal Herri osotik jasotzen ari diren laguntza ere eskertu du, baita gaur Donostian bildu direnei ere.

Kontseilua

Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluko idazkari nagusia den Paul Bilbaok hitz egin du eragile guztien izenean. Adierazu du kezka handiz ikusten ari direla azken hilabeteotan Ipar Euskal Herrian ikastolen garapena eragozteko hainbat lekutatik iristen ari diren ekimenak

Azken urteotan Hendaia eta Beskoitzeko ikastolen kontra prefetak eta suprefetak Falloux legea aitzaki hartuta izan diren erasoen ondotik, oraingoan Ziburuko ikastolaren kontrakoa dela oroitarazi du Bilbaok.

Zentzu horretan Seaskako ikastolek bizi duten mehatxuzko egoeraren muinean euskararen ofizialtasun gabezia badela azpimarratu du, eta zehazki ikastolentzako lege baten beharra aldarrikatu du.