NAIZ
DONOSTIA

43.837 dira jada beren materia organikoa konpostatzen duten gipuzkoarrak

Etxeko konpostagailuak edo auzokonpostatze sistemak erabilita, 43.837 gipuzkoarrek konpostatzen dute beren materia organikoa gaur egun, Aldundiak jakinarazi duenez.

Zero Zabor saria emateko ekitaldia. (GIPUZKOABERRI)
Zero Zabor saria emateko ekitaldia. (GIPUZKOABERRI)

Zero Zabor Saria banatzeko ekitaldian Ingurumeneko eta Lurralde Antolaketako diputatu den Iñaki Errazkinek jakinarazi duenez, 43.837 gipuzkoarrek konpostatzen dute beren materia organikoa. Hala, agintaldi hasierako kopurua bikoiztu egingo dute laster, 2011n 24.029 lagun baitziren.

Errazkinek eredugarritzat jo ditu konpostatzearen alde egin duten herritarrak, «ingumenarekiko arduraz jokatzen dutelako eta baliabideak aurreztea ahalbidetzen dutelako». Hondakinen kudeaketa egoki baten gakoa materia organikoan dagoela zehaztu du Errazkinek.

Gipuzkoako ahaldun nagusi Martin Garitanok ere Zero Zabor norabidearen garrantzia azpimarratu du: «Gipuzkoa berriak, hondakin alorrean, Zero Zabor du izena. Eta aurpegia, hondakinak gaika sailkatzen dituzten edo konposta egiten duten milaka eta milaka gipuzkoarren aurpegia da».

Ildo horretan, lan horretan ari diren guztiei esker ona adierazi die Aldundiak, eta Usurbilgo Erreka Txikiko konpostagunean –Gipuzkoako lehen auzokonpostajea– parte hartzen duten bost familiei aurtengo Zero Zabor saria eman diete.