Ariane KAMIO
Donostia

Dokumentazio zentro bat euskal antzerkigintzaren memoriari

Euskal antzerkigintza. Sortu bai, baina gorde? Euskal Herriko arte eszenikoen munduan sortzen diren lanak gorde eta dokumentatzeko beharra ikusten dute antzezle, sortzaile eta eragileek. Orain arte ez dago lan horiek bilduko dituen dokumentazio zentrorik; gehienak bananduta gordetzen dira eta haiek biltzeko beharraz ohartarazi dute.

Non eta nola gorde Euskal Herrian sortzen diren antzezlanak? Orain arte behintzat ez dago sorkuntza horiek era ordenatu eta bateratuan biltzen dituen dokumentazio zentrorik. Orain arte ondutako lanak kontsultatzeko zailtasunak dakartza gabezia horrek, baita hurrengo belaunaldiei euskal dramaturgiak eman duena helarazteko mugak handitzea ere. Euskal arte eszenikoek azken urteetan eman dutenaren ezagutza sakon bat egitea are zailagoa da, gainera.

Xenpelar Dokumentazio Jardunaldietan heldu zioten gai horri Villabonako Subijana Etxean egindako mahai inguruan. «Euskal antzerkiaren dokumentazio beharrak» leloa hartuta, Oier Guillan antzerki eragile eta antzezlea bertan izan zen.

Zergatik eta zertarako dokumentazio zentro bat? Euskarazko arte eszenikoen memoria bermatzeko ezinbesteko tresna da bere hitzetan euskarri ezberdinetan gordeko duen zentro bat izatea. Egindako emanaldien bideoak, afixak, testuak, atrezzoei buruzko oharrak, jantziak, argi diseinuak... «Lan eszeniko bat aurrera ateratzeko beharrezkoak diren elementu guztien erregistroak», Gillenek nabarmendu bezala. Horrez gain, antzerkiari buruz idazten, esaten, gomutatzen dena ere jaso beharko litzatekeela deritzo. Hartara, «teatroaren testuinguruan nondik gatozen, zer garen eta nora joan gaitezkeen ikusi ahal izango dugu» eta ikertzaile, kazetari, kritikari eta sortzaileentzat euskarri garrantzitsua litzateke.

Ekintzarako tresna

Guillanen aburuz, dokumentazio zentro batek «ekintzarako tresna» ere behar luke izan. Hau da, «ezinbesteko lanerako tresna, aurretik egin izan dena barneratzeko eta ezagutzeko, aurretik egin denarekin belaunaldien arteko sormen talkak bideratzeko, norberaren lanean lagungarriak izan daitezkeen beste esperientzia batzuen berri izateko».

Halako gune batek kultur eragilearen izaera ere hartu beharko luke bere aburuz, egindakoa eta egingo dena transmitituko bailuke eta interesa duen orori euskarazko teatroaren testuinguruan irakurketa historiko eta garaikide bat egiteko materiala jarriko bailioke eskura.

Izan ere, egun ez dago apenas dokumentazio erreferentzialik. Leku askotan eta modu sakabanatuan biltzen dira orain arte egindakoak: liburutegi eta instituzio publiko batzuetan, taldeen lokaletan, norbanakoen etxeetan... Baina ez era bateratu batean.

Antzerkigintzak, gainera, euskarri fisikorik ez duela ohartarazi du Guillanek. Musikan edo literaturan ez bezala, «arte eszenikoa komunikazio zuzenean ematen da, hartzaileak in situ hartzen du emanaldia, eta horrek sekulako ahalegina» eskatzen duela iritzi dio. Esfortzua, aldebikoa da ordea. Taldekideen aldetik, aldian-aldian ikuskizuna eginez eta leku desberdinetara mugituz, eta, hartzaileengandik, leku horietara joateko orduan mobilizatuz. Berezko «zailtasun» horrek, ordea, «ordezkaezina den magia bat ematen dio».

Zuzenean

Antzerkiak berez dituen ezaugarriengatik, transmititzea eta hedatzea ez dela erraza uste du Guillanek. Ez dauka euskarri fisikorik, eta, musikan eta literaturan ez bezala, komunikazioa zuzenean ematen da.

Publikoa antzokietara eramateko borroka

Oier Guillanek osasun onez ikusten du egungo euskarazko antzerkigintza. «Oso momentu interesgarria» bizitzen ari dela iritzi dio. Gero eta eskaintza anitzagoa dago euskara hutsez edo euskarazko bertsioetan. Kudeaketan ere ikusten du hobekuntzarik. Bere hitzetan, bai sortzaileak, zein programatzaile, elkarte eta eragileak «gauzak beste eredu batzuen arabera egiteko gogoa eta ahalegina» erakusten ari dira eta «horrek guztiak positibo izateko grina pizten dit».

Antzerkigintzak badu, ordea, beste erronka nagusi bat; ikuslea antzokietara eramatearena, hain zuzen. Euskarazko sorkuntzentzat zirkuitu egonkorrik ez dagoela uste du Guillanek, ez eta programazio irizpide bateraturik ere. «Kulturaren balioa zentzu ekonomiko batean neurtzen jarraitzen dugun bitartean ez gara ari errealitateari erantzuten», nabarmendu zuen. Eta hautu horrekin, «gurpil zoroa biderkatzen da». «Zer da lehenago, euskarazko lanek publikoa erakartzea edo kultur estrategia egoki bat garatzea hori eman dadin?», galdetu zuen.

Kultur politika eta ereduen inguruko gogoeta ireki bat zabaltzearen aldekoa da Guillan. «Kulturaren kultura» bat hedatzea begi onez ikusten du, baina «oraingoz oso sakabanatuak eta bakartuak daude ahaleginak arlo eszenikoaren maila guztietan», ohartarazi zuen. Nolanahi ere, ahalegin horiek egon badaudela azpimarratu zuen eta sinergia horiek indarrean egoteak beti sortzen duela «itxaropena». A.K.