Iurre BIDEGAIN
BAIONA

Uztailaren 3tik 5era egingo da EHZ festibalaren 20. edizioa

«20 urte, urtero sortzen!» lelopean egingo da, uztailaren 3, 4 eta 5ean Euskal Herria Zuzenean festibalaren hogeigarren edizioa. Berritasunez betetako egitaraua izango dela aurreratu dute.

EHZ festibalaren edizioaren aurkezpena, Kalostrapen. (Bob EDME)
EHZ festibalaren edizioaren aurkezpena, Kalostrapen. (Bob EDME)

«Barnekalde-kostalde desorekak hautsi eta Euskal Herriko zein nazioarteko herritarrei tokian tokiko errealitatea ezagutaraztea». Honakoa izan da Euskal Herria Zuzenean festibalaren helburu nagusienetariko bat urteetan zehar eta dudarik gabe kausitu du. Hogei urteko ibilbide huntan euskal kulturaren topagune eta erreferentzia izaitea lortu dute, baina baita ere mugak hautsiz kanpoko populu eta hizkuntza minorizatuei merezitakoa txokoa eskeini die, EHrZ alorrari esker.

EHZk hogeigarren urteurrena ospatzen du aurten eta horren karira festibala berritasunez betea heldu da. Baionan EHZko antolatzaileak web orri berria aurkeztu dute, aurtengo kartelarekin batera. Publikoaren irudimena askatuz lortutako emaitza ikusgarria. Festibalak bidean aitzinatzeko izan duen indarra ikusleari transmititzen duen irudikapena.

«20 urte, urtero sortzen!» lelopean, EHZk uztailaren 3, 4 eta 5ean eskaintza zabalagoa proposatuko du, «eskaintza artistikoaren kalitateari garrantzia berezia emanez». Adierazi dutenez, anitza izanen den programazioari esker «emozioak» pizteaz gain, kultur eta politika gogoeta sustatu nahi dute. Diziplina ezberdinak harremanetan ezarriz, «artistikoki berritzaileak edo gure baloreekin lotuak diren mugimendu aintzinera eman nahi ditugu», zehaztu dute.

EHrZ mugak hautsiz

EHrZ atalak 7.urteurrena beteko du. Pasa den urtean, 90 taldeek izena eman zuten, 15 nazio ezberdinetatik etorritakoak. Horietariko 11ak festibalean aritu ziren eta aurten parada berdina eskeini nahi dio festibalak kanpoko musikari.

Urtarrilaren 22tik 28ra parte hartu nahi duten taldeek beraiek sortutako hiru kantu bidali behar dituzte eta martxoaren 1ean publikoa boztatzen hasiko da. Azkenean, apirilaren 15ean festibalean arituko diren taldeak hautatuko dira.