NAIZ
PAUE

Paueko Auzitegiak atzera bota du Uztaritzek euskara hizkuntza ofizial egiteko erabakia

Paueko Auzitegiak atzera bota du Uztaritzeko Udalak euskara ofizial izendatzeko hartu zuen erabakia. Bi aste barru jakingo dituzte epaileen argudioak eta horiek jaso ondoren erabakiko dute helegitea jarri ala ez.

Uztaritzeko Udala. (Bob EDME)
Uztaritzeko Udala. (Bob EDME)

Uztaritzek euskara hizkuntza ofizial izendatu zuen iazko ekainean eta Ipar Euskal Herriko aurreneko herria izan zen urrats hori egiten. Patrick Dallennes suprefetak erabakia auzitara eraman zuen eta abuztuan Paueko Auzitegiak erabakia baliogabetu egin zuen behin behinean, auziaren mamia epaitegian ebatzi arte.

Gaur Paueko Auzitegiak atzera bota du deliberoa eta Herriko Etxeak hamabost egun barru jasoko ditu erabakiaren arrazoiak. Maite Haran Udaleko hizkuntza arduradunak Kazeta.eus-i adierazi dionez, bi hilabete dituzte helegitea aurkezteko baina ebazpenaren argudioak jaso arte itxarongo dute zer egin erabaki aurretik.

«Ez da sorpresarik. Hiprokrisiak segitzen du», salatu du Haranek. Herriko Etxeak orain arteko hizkuntz politikarekin segituko duela eta egoitzatik «aterako diren dokumentu guziak euskarazkoak izaiten segituko» direla erantsi du.