NAIZ
BILBO

«Herritarren kriminalizazioaren aurkako plataforma» aurkeztu dute

Hainbat eragile sozialek «Herritarren kriminalizazioaren aurkako plataforma» aurkeztu dute Bilbon, Mozal Legea salatu asmoz eta martxoaren 28an Bizkaiako hiriburuan ospatuko den manifestazioan parte hartzera gonbidatuz.

Plataforma berria aurkeztu dute Bilbon. (ARGAZKI PRESS)
Plataforma berria aurkeztu dute Bilbon. (ARGAZKI PRESS)

«Herritarren kriminalizazioaren aurkako plataforma» aurkeztu dute gaur Bilbon hainbat eragilek. Herri ekimen berri hau Mozal Legearen aurrean erantzuna eman asmoz sortu dela azaldu dute.

Onartzear dagoen «neurri errepresiboen multzoa» salatu dute kaiola baten barrutik presoz jantzita. «Edozein auzokide bilakatuko da susmagarri, polizia agente halako batek uste baldin badu delitu bat egitekotan dagoela», adierazi dute. Hau dela-eta, salatu dute ez direla «gertakariak soilik kriminalizatuko», baizik eta «zenbait giza talde kriminalizatuko» direla aurrez. Multzo honetan migranteak, aktibistak edo baliabiderik gabeko pertsonak sartu dituzte.

Gogora ekarri dute neurri hauek ez direla berriak Euskal Herrian, baina erantzuna eman beharra dagoela azpimarratu dute: «Ezin dugu onartu beldurraren bidez, zigorraren bidez eta errepresioaren bidez, kaleak hustea».

Zentzu honetan hainbat ekintza burutuko dituztela iragarri dute ekintza politikoaren errepresioaren gorakadaren inguruko eztabaida kalera ekartzeko. «Gizartearen aldarrikapenek gizartearen hainbat aldaketa eragin dituzte», baieztatu dute. Modu honetan gizarte aktibatu egin nahi dute pertsonak  «beldurrik gabe» lanean jarrai dezaten.

Era berean, Bilbon martxoaren 28an Mozal Legea salatu asmoz ospatuko den manifestazioan parte hartzera gonbidatu dituzte herritar zein kolektiboak.