NAIZ
DONOSTIA

Ruper Ordorikari emango dio Adarra Saria Donostiako Udalak

Euskal musikaren arloan garrantzi edo eragin bereziko ibilbidea aitortzeko Donostiako Udalak iaz sortutako Adarra Sariaren bigarren edizioan Ruper Ordorika saritzea adostu dute aho batez.

Ruper Ordorika. (Monika DEL VALLE/ARGAZKI PRESS)
Ruper Ordorika. (Monika DEL VALLE/ARGAZKI PRESS)

Donostia Kulturak jakinarazi duenez, Ruper Ordorikari Adarra Saria ematea adostu du aho batez Jose Antonio Echenique, Agurtzane Aizpuru eta Jon Eskisabelek osatutako batzordeak.

Iaz, lehen edizioan, Mikel Laboaren sorkuntza lanari eman zioten saria.

Oraingoan, azpimarratu dute Ruper Ordorikak «bere estiloaren berezko modernotasunari eta proposamen musikalari ibilbide luze eta emankorra» gehitzen dizkiola.

Ibilbide horretan «Euskal Herriko abangoardiako artistekin ez ezik, beste jatorri eta tradizio batzuetako lehen mailako artistekin ere grabatu eta partekatu» dituela gaineratu du batzordeak.

Euskal kantutegiaren zati garrantzitsu bat berreskuratu eta eguneratu izana ere aitortu diote oñatiarrari.

Horregatik guztiagatik erabaki dute «bikain» betetzen dituela Adarra Saria jasotzeko eskakizunak.

Saria emateko ekitaldia ekainaren 21ean egingo da, Donostiako Victoria Eugenia antzokian.

Marijose Recalde artista nafarraren eskultura da saria, brontzezko irudi neutro bat, adar bat duena, musikaren jatorria iradoki nahian.