@arianekamio
Donostia

‘Zeru Horren Infernuak’ ikuskizuna aurkeztuko dute igandean Victoria Eugenian

Juan Gartziak euskaratutako Shakespeareren ‘Sonetoak’ oholtza gainera eramango dituzte igandean Victoria Eugenia antzokian Joxan Goikoetxea gidari izango duen ikuskizunean.

Igandean aurkeztuko dute ikuskizuna Victoria Eugenia antzokian. (Andoni CANELLADA/ARGAZKI PRESS)
Igandean aurkeztuko dute ikuskizuna Victoria Eugenia antzokian. (Andoni CANELLADA/ARGAZKI PRESS)

Mikel Laboa Katedra baliatuta, euskaraz argitaratu zituen orain bi hilabete Juan Gartziak William Shakespeareren ‘Sonetoak’. Argitalpen hura arte diziplina desberdinen batuketa izan zen. Letrak, errezitatutako hitzak eta Joxan Goikoetxeak sortutako kantuek osatu zuten disko-liburu hura, Koldobika Jauregiren lanek ilustratutakoa.

Shakespeare, baina, liburutik beste izatezko espazio batera eramango dute; antzokira. Datorren igandean ‘Zeru Horren Infernuak’ ikuskizuna estreinatuko da Donostiako Victoria Eugenian. Oholtza gainean 18 artista, Shakespeareren sonetoei bizitza ematen. Goikoetxea bera gidari duen ikusgarrian musika, hitza eta dantza uztartuko dira. Parte hartzaileen artean dira Petti, Pier Paul Bezaitz edo Olatz Prat, diskoa musikatzen lagundu zuten artistetako batzuk. Errezitatzaile eta, beraz, Shakespeareren azalean Ximun Fuchs aktorea ariko da.

Igandekoa estreinaldia izango da, baina datozen hilabeteetarako datak ixten ari direla jakinarazi dute antolatzaileek. Hurrengo emanaldia maiatzaren 8an izango da Hernaniko Biteri aretoan eta Shakespeareren inguruko «tourra» egingo da udazkenerako lortu dituzten beste emanaldi batzuetan ere.