NAIZ
DONOSTIA

Lau ardatzen gainean eraiki du Gipuzkoako EH Bilduk bere programa

Gipuzkoako EH Bilduk datorren legealdirako programa aurkeztu du, herritar guztiak «garaile bihurtzen dituena». 250 neurri proposatu dituzte eta lau lan eremutan finkatu dituzte lehentasunak: Murrizketa sozialik eza, tokiko garapena, baliabide publikoen erabilpena eta euskara.

Xabier Olano, artxiboko irudi batean. (Jon URBE / ARGAZKI PRESS)
Xabier Olano, artxiboko irudi batean. (Jon URBE / ARGAZKI PRESS)

Gipuzkoako ahaldun nagusirako hautagai Xabier Olanok nabarmendu du «balio erantsia» duela EH Bilduren programak, herritarrekin eta eragileekin batera osatu baitute. «Hau ez da lau adituren artean bulego itxi batean egindako gestio plan bat», azpimarratu du.

Azken lau urteotan egindako bideari jarraipena emateko, «Gipuzkoa berria zerumugan» jarri eta 250 neurri jaso dituzte, 17 arlotan banatuta.

Lehentasunezko lau eremu finkatu dituztela zehaztu du Xabier Olanok.

Alde batetik, testuinguru ekonomiko «beldurgarrian», krisiaren ondorioei aurre egiteko lehentasuna finkatu du EH Bilduk, lan lerro hori premisa batek gidatuta: «murrizketa sozialik ez». «EH Bilduk argi du osasungintza, hezkuntza, gizarte zerbitzuak eta prestazioak... ez direla luxu bat, urteetako borrokaren ondorioz lortutako eskubideak baizik eta, ondorioz, zorraren ordainketaren aurretik lehenetsi behar dira», zehaztu du Olanok.

Bestetik, enplegu duina sortzeko lehentasuna azpimarratu du, horretarako «eredu sozioproduktibo berrian sakontzeko egitasmo zehatzak» planteatuz. Tokiko garapena oinarri hartuta, bestelako eredu bat eraiki eta «enplegu duin eta iraunkorra» sortzea da EH Bilduren erronka. Atal honetan, industria eta energiari «arreta berezia» jarri diote, enpleguak sortzeko biak estrategikoak direla iritzita.

Gainera, «herritar guztien babesa bermatu eta gaurdanik enplegu duin eta iraunkorrari eutsi eta sortzeko» baliabide ekonomikoak beharrezkoak izaki, diruaren banaketan jarri du arreta Gipuzkoako EH Bilduk: «Gehien dutenek gehiago ordainduz eta baliabide publikoak beharrezkoak diren gaietara bideratuz».

Laugarren lan eremua euskara izango dela adierazi du Olanok, «orain arteko bideari jarraiki». «Honako legealdian abiatutako Hizkuntza Politika Berria ezartzen jarraituko dugu, Gipuzkoa –eta Euskal Herria– berreuskalduntzeko», esan du.

«Programa honekin Gipuzkoa solidarioagoa, bazterketa sozialik gabekoa, justuagoa eta euskaldunakgoa egingo dugu», aldarrikatu du Olanok.