Aimar ETXEBERRIA
DONOSTIA
Entrevista
ALEX FELDMAN ETA MAIALEN ETXEBERRIA
AITZINA ETA ERNAI GAZTE ANTOLAKUNDEETAKO BOZERAMAILEAK

«Gure erabakiak hartzeko esparru propioak izan behar ditugu gazteok»

Aitzina eta Ernai gazte antolakundeei aurpegia jartzen dieten bi gazte dira Alex Feldman eta Maialen Etxeberria. Bidasoaren alde banatan dute sorlekua Feldmanek eta Etxeberriak, baina iparrorratz berak gidatzen ditu biak. Hala, Euskal Herri osoko gazteak bilduko dituen Gazte Martxaren antolakuntzan dihardute buru-belarri azken egun hauetan. Ostiraletik igandera izango da.

Euskal Herriko txoko guztietako gazteak batuko ditu ostiraletik igandera Aitzina eta Ernai gazte antolakundeek elkarlanean antolatu duten Gazte Martxak. Ezberdinen arteko esperientziak trukatu eta harremanak lantzeko aukera paregabea izango dute gazteek, euren kezka eta nahien inguruan hitz egin eta pertsona askez osaturiko Euskal Herri aske baterako bideari ekinez. Bada, Aste Santuko ekimenaz gain, gazteriaren arazoei erantzuteko asmoz beste hamaika dinamika dituzte abian aipatu antolakundeek.

Aitzinaren kasuan, euskara eta lurraldetasuna izan ditu ardatz zuen jardunak eratu zinetenetik. Egun, abiatu duzue bestelako alorren bati erantzuten dion dinamikarik?

Alex FELDMAN: Pasa den uztailaren 14an frantsesez idatziak ziren panelak Parisera bidali eta abenduaren 23an Estatu frantziarrarekiko muga guztietan «Euskal Herria» zioten panelak jarri genituen. Horrekin Euskal Herriarekiko egiten duen asimilazio saioa eta euskara gutxiesteko duen jarrera salatu nahi izan genuen. Urte berrian sartu ginenetik, ordea, arlo sozioekonomikoari heltzeari ekin genion. Batez ere TTIP (Merkataritza eta Inbertsio Lankidetza Transatlantikoa) akordioaren inguruko lanketa egiteari ekin diogu, gazteen artean, eta oro har gizartean, izango dituen ondorio larriak jendarteari ulertarazi eta horren inguruko dinamikak abiatu daitezen.

Ernai-k, aldiz, hasieratik heldu zion arlo sozioekonomikoari.

Maialen ETXEBERRIA: Aspaldi hasi ginen esanez gazteok prekario nahi gaituztela eta hori dela gaur egun borrokatu beharreko zerbait. Sistemaren asimilazio egoera horretatik ateratzeko garaia da, gazteok urrats bat aurrera egin eta bestelako bizi eredu bat eraikitzekoa. Bide horretan, prekario nahi gaituzten horiekin aurrez aurre jarri eta alternatibak eraikitzen hasteko une hori ere markatu nahi dugu. Bestelako lanketa batzuk ere garatu ditugu, mikromatxismoaren ingurukoa, adibidez.

Urtebete baino gehiago igaro da lau urtera begirako prozesu feminista abiatu zenutenetik. Ze fasetan dago egun?

M.E.: Une honetan bigarren fasean dago. Honen baitan, historikoki Euskal Herriko mugimendu feministaren jarduna aztertu eta ideia batzuk geureganatzen ahaleginduko gara, gure feminismoa eraikitzeko bidean. Zentzu horretan, lehenengo ideia batzuk garatzen ahaleginduko gara orain.

Estatu espainol zein frantsesaren jomugan egon zarete bi antolamenduetako gazteok. Zein da egoera honen gainean egiten duzuen irakurketa?

A.F.: Argi geratu zaigu frantses Estatuari ez zaiola komeni gazteria inplikatu eta militantea izaterik. Badute beldur bat, badute arrangura bat, guk ekar dezakegunaren inguruan, gazteria aktibatzeko daukagun gaitasunaren inguruan. Horren aitzinean jotzen dute errepresioaz; betiko tresna dute eta horretan dihardute. Ez dute agertoki berri batera pasatzeko nahikeriarik, konfrontazioa errepresioaz konpondu nahi dute.

M.E.: Euskal jendarteak beste pauso batzuk ematen baditu ere, estatuek ez dute inolako mugimendurik ikusi nahi. Gure ekinbidea blokeatu nahi dute, gazteria jomugan jarriz, bide berri bat garatu ez dezagun. Garbi daukagu, ordea, horrekin ere aurrera jo behar dugula, nahiz eta espiral horretan sartzeak mugak ezartzen dizkigun aurrera egiteko eta bide berri batzuk irekitzeko.

Egoera, bere beltzean, aparta da gazteriaren aktibazioa bultzatzeko. Zentzu horretan, egoerak eskatzen duen neurriko erantzuna eman dela uste duzue?

M.E.: Berez, erantzun indartsuago bat eman beharko litzatekeela uste dugu eta, zentzu horretan, kontzientziazio lanketa bat egin beharrean gara. Horri erantzutera dator LABekin elkarlanean atera genuen lan eskubideen gida. Uste dugu, kontzientziazio lanketa horretan gazteriari tresnak ematea dela gure egin beharra, gazte antolakundeak guzti horren dinamizatzaile papera jokatu behar duela. Txotxongilo bezala erabiltzen gaituzten horien mesedera egon gara zenbaitetan, nahi gabe askotan.

A.F.: Ildo beretik, nire ustez, bada kontzientziazioa posible izan dadin aurreko elementu bat: ezagutza. Dituzten medio guztiekin, parekoek, sistema kapitalista inposatu nahi diguten horiek, egiten dutena da errealitate bat ezkutatu. Nik horrela ulertzen dut jende batek, bizi dugun errealitatearen aurrean, behar bezainbeste erantzun ez izana.

Gazte Martxaren kontuekin sartuta, elkarrekin antolatzen duzuen bigarren ekimena izango da. Zertan da bi antolakundeen arteko harremana?

A.F.: Badago antolakundeen artean harreman jarraiki bat. Elkarrekin partekatzen ditugu garatzen ditugun dinamikak, eta kohesio bat lantzeko ekimenak abiatu ditugu. Horren baitan kokatzen da Euskal Herriko gazteen artean bultzatzen ari garen trukaketa puntualaren ideia, urte osoan zehar garatzen joango garena. Etorkizunera begira mintegi batzuen antolaketa lanetan gabiltza, gazteen formakuntza sakontzeari begira egingo ditugunak.

M.E.: Elkarrekin lanean jarduteko beharra ikusten dugu, nahiz eta une honetan ekimen puntual batzuen inguruan hitz egiten ari garen. Bide-orri partekatu bat lantzeko apustua egiten dugu.

‘Herria Mugarri. Gazteok Martxan’ leloa hautatu duzue. Zer eman nahi duzue aditzera?

M.E.: Herri bat ikusten dugu, oinarrian pertsonak dituena. Pertsona burujabeak izatea da gure helburua, benetako herri aske bat pertsona askez osatua soilik izan daitekeelako. Ideia orokor horren pean, harremanetan jarri eta esperientzia ezberdinak trukatuz bestelako bizitza ereduetan sartu nahi dugu, horren gaineko hausnarketa batzuk bideratuz, etorkizunean guzti horrek bere isla praktikoa izan dezan.

Pasa den urteko ekimenarekin alderatuz eredua goitik behera aldatu duzue. Zein izango da Gazte Martxaren esentzia?

A.F.: Euskal Herri osoko gazteen arteko trukaketa eta bata eta bestearen arteko ezagutza bultzatzea lortu nahi dugu. Oinarri parte hartzailearekin jardun dugu prestaketa lanetan. Hor dago, adibidez, Gazte Oihua deitu dugun musika talde ezberdinen arteko lehiaketa. Jakinda Euskal Herriaren luze-zabalean badaudela eskaintza kulturalean eta sorkuntzan diharduten gazteak, pentsatu genuen gauza polita izan zitekeela gazte hauei, musikaren bidez egiten dituzten aldarrikapen eta oihuei, Gazte Martxan ere tokia ematea.

Abestia, berriz, emakume gazteek soilik egina izan da. Zein da horren arrazoia?

M.E.: Ikusi izan dugu emakumeen papera gurean, beste hainbat esparrutan bezala, bigarren maila batean gelditzen dela. Zentzu horretan, musikaren munduan dabiltzan emakume guzti horiei aukera bat eskaini nahi izan diegu, oholtza gainera igo eta benetan emakumearen presentzia hori gure aurrean parez pare jartzeko.

Bertan asko aipatzen den hitza da «burujabetza». Baina, nola eta zenbateraino bizi garen sistemaren baitan?

M.E.: Guk burujabetzarena planteatzen dugu modu batean ikusten dugulako gazteona sektore zapaldu bat dela eta gure erabakiak hartzeko esparru bat izan behar dugula, erabaki horiek ondoren gizartean txertatuak eta aintzat hartuak izan daitezen. Egia da bide horretan oztopoak izango ditugula, etengabeko borroka bat izango dugula beste hainbat sektorerekin baina, zenbateraino esateko, ikusi beharko dugu gure indarrak borroka horretan zenbaterainokoak diren.

Egitarauari dagokionez, zer azpimarratuko zenukete?

M.E.: Ez dugu betiko formatura jo nahi izan eta, modu batean, mendi martxa batek eskaintzen ahal duen horren barruan zabaltasuna bilatzera joan nahi izan dugu. Martxa ostiralean hasi eta igandean amaitzen dela ulertzen dugu, eta horren ondorioz, bestondo pixka batekin, oinez abiatuko gara Iruñera, Aberri Eguneko manifestazioan parte hartzeko.

Zergatik parte hartu beharko luke gazte batek Martxan?

A.F.: Aberastasun bat iruditzen zait niri, ezagutzarako parada bat. Euskal Herri osotik etorriko diren gazteak elkartuko gara; trukatzeko eta batak bestea aberasteko parada bat da. Eta noski, ongi pasatzeko eta giro apartaz gozatzeko.