NAIZ
OTXANDIO

Dena prest Otxandion apirilaren 18ko ‘Euskaraz Bizi Eguna’ ospatzeko

Argazki koloretsua egin dute Otxandion ‘Euskaraz Bizi Eguna’-ri kolorea eta giroa jarriko dieten herritarrek. Luhartz, Gozategi eta Governors taldeen kontzertuarekin amaituko da goizean goizetik abiatuko den Euskal Herrian Euskarazen aldarrikapen jaia.

Otxandion gaur goizean. (EHE)
Otxandion gaur goizean. (EHE)

Euskal Herrian Euskarazek Otxandion ospatuko du aurten ‘Euskaraz Bizi Eguna’, goizean goizetik hasi eta egun osoan zehar luzatuko da jaia. Aurrerapen modura aldarrikapen egunean parte hartuko duten herritar eta eragileek argazki bateratua egin dute Otxandion bertan. «Euskararen alde egoteaz gain, euskararen alde egiteko prest dagoen herria» da EHEren esanetan eta hori bera azpimarratu dute gaurko agerraldian, «egotea ez da nahikoa; egin egin behar dugu».

9.00etan Mirugain mendi-taldeak antolatuta mendi-irteera izango da. Goizean zehar kantu-poteoa, txistulariak eta Urdaz Magunazelaia harri-jasotzailearen erakustaldia antolatu dituzte. Gainera, erakustaldi berezia ere izango da, antzarrak protagonista dituen erakustaldia antolatu baitute. Txikienentzat puzgarriak, tailerrak eta jolasak izango dira eta 14.00etan izango da ekitaldia. 500 bat lagunentzako bazkaria aurreikusi dute antolatzaileek eta bazkalostean Gibelurdinek taldeak girotuko du giroa.

Arratsalde eta iluntze partean ere jai giroa izango da eta amaiera Luhartz, Gozategi eta Governors taldeen kontzertuarekin iritsiko da. Oraindik festarako gogoz direnentzat, DJ Elepunto-ren emanaldia izango da gaztetxean.

Biharamunean Faltzesen

Asteburu horretan euskaltzaleen hitzordua bikoitza da. Izan ere, biharamunean, 19an, Faltzesen antolatu du Sortzenek euskaraz bizi eta ikasteko eskubidea aldarrikatzeko eguna. Bertako Foru plazan agerraldia egin dute gaur inguruko hautetsiek.