NAIZ
BAZTAN

‘Pirinioetan lan eta bizi’ programaren emaitzak goraipatu ditu Udalbiltzak

Azken hiru urteetan 46 proiektu ‘Pirinioetan lan eta bizi’ progamaren bidez bultzatu dituela adierazi du Udalbiltzak, lan honekin duten konpromisoa mantenduz. Era berean, zonaldean nafar Gobernuak duen utzikeria salatu dute.

Baztango udalean egin dute agerraldia. (Jagoba MANTEROLA / ARGAZKI PRESS)
Baztango udalean egin dute agerraldia. (Jagoba MANTEROLA / ARGAZKI PRESS)

Udalbiltzak ‘Pirinioetan lan eta bizi’ programak zonaldean ekarri dituen onurak eta emaitzak goraipatu ditu. Era berean, lanean jarraitzeko asmo berretsi dute.

Aurten, 27 proiektu lagundu ditu ‘Pirinioetan lan eta bizi’ programak. Iaz, era berean, beste 19 egitasmo lagundu ziren. Hiru urtetan 46 bultzatu direlarik. Diru ekarpenari dagokionez, inbertsioa 230.000 eurokoa izan da. Zentzu honetan, Udalbiltzak Pirinioen aldeko apustua egiten jarraitzera animatu ditu bertako herritarrak eta erakundeak.

Gaur Baztanen egindako agerraldian, Garbiñe Elizegi bertako alkateak kezka agertu du Nafarroako Gobernuak ez duelako lurralde guztiaren garapen orekatuaren alde egiten. «Lehentasunak beste batzuk dira foru gobernuan eta horrek foru administrazioarengandik urrundu egiten gaitu», salatu du. Hala ere, pausoak ematen jarraitzeko beharra nabarmendu du. «Geure baliabide propioekin alternatibak bultzatzen ari gara. Herritarrei aukerak ematen ari gara».

Berarekin batera izan da Mertxe Aizpurua Udalbiltzako lehedakaria: «Pirinioen aldeko apostua egin eta tokiko garapena bultzatuko duten egitasmoak eta ekintzailetasuna laguntzea dugu helburu», argitu du. Ildo beretik, UPNren Gobernuaren interes falta azpimarratu du. «Gabeziari begira egon beharrean elkarlanean eta arduratsu jokatzea dagokigu Udalbiltzari eta tokiko instituzioei», aldarriaktu du.

Horregatik, azkenik, Euskal Herrian behar handienean dauden eskualdeen alde lanean segiko dutela nabarmendu nahi izan du. «Auzolanean, kolektiboa helburu, gizarte-sarea sendotzen eta herritarrak aktibatzen, tresna propioak sortzeko», amaitu du.