@aagirrezabal
Iruñea

Ezinbesteko garaipena eskuratu du Osasunak (2-1)

Hiru puntu behar zituen Osasunak eta hiru puntuak eskuratu ditu. Ez du urteko partida onena egin, baina borrokaz eskuratu du garaipena. Momentuz, jaitsiera postuetatik atera dira nafarrak. (Hemen partidak utzi dituen zenbakiak.)

Oier, partidako protagonista nagusietakoa. (Idoia ZABALETA / ARGAZKI PRESS)
Oier, partidako protagonista nagusietakoa. (Idoia ZABALETA / ARGAZKI PRESS)

12 aste ziren hiru puntuak eskuratu gabe. Eta ez da hamairugarrena iritsi. Jaitsiera postuak atzean utzi ditu, gaurkoz behingoz, amaierarako gero eta jardunaldi gutxiago geratzen direnean.

Aste guztian zehar garaipena aukera bakartzat jo da Iruñean eta zaleek erantzun egin dute, taldea partida hasi aurretik gogotsu bultzatuz. Eta taldea, hasieran behintzat, ideia berarekin zelairatu da. Ez nolanahi. Lehen minutuan Oierrek gorritxoen gola egin du, markagailuan aurretik jarriz. Areaz kanpotik jaurti eta gaztelarren atea zulatu du. Olatua ongi hartuta, Ninok bigarrena gertu izan du, baina erremateak langa gainetik alde egin du.

Hala ere, gutxinaka-gutxinaka esnatzen joan dira Albaceteko jokalariak eta partidaren kontrola hartu dute. Aukera handirik gabe, zelaian nagusitu egin dira. Gertu zebilen berdinketa, baina aukera handirik ez zuten sortzen ere. Osasuna, aldiz, bultzaka zebilen eta lehen zatiaren amaieran hiru aukera berri izan ditu Nekounam, Sisi eta Ninoren oinetan.

Atsedenalditik bueltan, ordea, Albacete guztiz nagusitu da. 2.B mailako mamuak zama handia ziren gorritxoentzat eta atzean sartu dira. Samuk oso abagune garbia izan du, baina jaurti aurretik trabatu eta errematea gora joan zaio. Hala ere, berdinketa ez zebilen urrun. Honela, Portuk 54. minutuan markagailua orekatu du burukada on batekin.

Kolpe handia Osasunarentzat, baina atzean sartu beharrean, talde nafarra berpiztu egin du. Orduan iritsi dira Mateoren mutilen minuturik onenak. Zelaia Albacetearen ateari begira jarri dute eta aukerak iritsi dira. Lehenbizi Loek gertu izan du gola, talde jokaldi on batekin, baina aurkari batek ate azpitik atera du baloia.

Kamerundarrak, dena den, ez du hutsik egin bigarrenean. Korner batean, buruz egin du nafarren bigarrena. Hortik amaierara, urduritasuna eta presak, baina Albacetek ez du partida berdintzerik izan.

Ezinbesteko hiru puntu eta, momentuz, jaitsiera postuetatik at da Osasuna.