NAIZ
BAIONA

‘20 urte, urtero sortzen’ lelopean ospatuko da aurtengo EHZ jaialdia

Uztailaren 3tik 5era ospatuko da EHZ festiabalaren aurtengo edizioa. 20.a izango da, eta urteurren horri erantzuten dio leloak: ‘20 urte, urtero sortzen’. Jaialdiaren programazioa, berriz, orain arteko leloek bideratuko dute.

EHZ jaialdiko atzoko eta gaurko arduradunak, kartela eskuetan hartuta. (ARGAZKI PRESS)
EHZ jaialdiko atzoko eta gaurko arduradunak, kartela eskuetan hartuta. (ARGAZKI PRESS)

Datorren uztailaren 3tik 5era ospatuko den EHZ jaialdiaren 20. edizioa aurkeztu dute gaur, Baionan. Bertan, kartela eta leloa aurkeztu dituzte, eta oholtza gainean izango diren hainbat talderen berri eman dute.

Hala, Amaia Bolokik adierazi du jaialdiak «ibilbide ezberdinak» eskainiko dituela. Horretarako, orain arteko leloak erabiliko dituzte. ‘L'Euroc des peuples, contre la wold company’ leloak, adibidez, Europatik etorritako taldeekin hizkuntza gutxituak lagundu nahi ditu. Horretan arituko da Il Muro del Canto taldea, erromatarrez abesten duena.

‘Aniztasuna irauli, kultura erein’ leloarekin, berriz, beste musika mota batzuk eszenaratu nahi dituzte. Zentzu horretan, Deluxe edo Skakeitan taldeak izango dira protagonista. Bestalde, ‘Kultura erein’ bidetik, Euskal Herriko proiektuak ezagutaraziko dituzte, Garaztarrak edo Poligorn kasu.

Aurtengoari dagokionez, ‘20 urte, urtero sortzen’ leloa hautatu dute. Hala, eta leloari men eginez, 20 urte hauetan jaialdiaren eszenak markatu dituzten taldeak berriz izango direla aurreratu dute, Massilia Sound System kasu.

Eta ‘urtero sortzen’ pasarteari erantzunez, talde berriak ezagutzera eman nahi dituztela azaldu dute. Zentzu horretan, Last Train taldearen parte-hartzea konfirmatu dute.