naiz

Eleak mugimenduak eta Librek mobilizazioetan parte hartzera deitu dute

107 Herriko taberna eta ezker abertzaleko 20 militanteren aurkako epaiak «eskubide zibil eta politikoen aurkako erasoa» dela salatu dute Eleak mugimenduak eta Libre ekimenak. Horregatik, mobilizazioetan parte hartzeko deia egin dute. Ernai gazte antolakundeak ere bat egin du deialdiekin.

Leitzako Torrea Herriko Taberna. (Jagoba MANTEROLA / ARGAZKI PRESS)
Leitzako Torrea Herriko Taberna. (Jagoba MANTEROLA / ARGAZKI PRESS)

Eleak mugimenduak eta Libre lan-taldeek «eskubide zibil eta politikoen aurkako eraso» bezala definitu dute 107 Herriko tabernen konfiskatzea eta ezker abertzaleko 20 militanteren aurkako epaia. Honen harira zigortutakoei babesa adierazi nahi izan diete.

Era berean, «erantzun tinko eta bateratu baten beharra» nabarmendu dute. Honela, kasu isolatu bat ez dela azpimarratu dute. «Azken hilabeteetan behin eta berriz esan dugun moduan, justizia eta legearen artean aukeratzera behartzen bagaituzte, gu justiziaren alde lerratuko gara».


Horregatik, datozen egunetarako antolatu diren mobilizazioetan parte hartzera deitu dute gizartea, «kondena salatzeko bai kondenatuei elkartasunik beroena adierazteko». Azkenik, «errepresio honekin amaitzeko» denon konpromisoa beharrezkoa dela nabarmendu nahi izan dute.

Ernai: «Ilusioz eta indarrez eraikitakoa, ilusio eta indar berdinarekin defendatuko dugu»

Ernai gazte antolakundeak ere «Euskal Herriaren aurkako enegarren erasoa» salatu du. Kasu honetan, «urteetan egindako lanez milaka herritarrek eraikitakoaren aurkakoa», zehaztu dute.

Zentzu honetan, gogora ekarri dute «herri eta auzoetako taberna bat izatetik haratago, herritarron bilgune» direla. «Albiste onen ongi etorri edota garai gogorren arnasgune» bezala definitu dituzte.

Horregatik, mobilizazioekin bat egin eta bertan parte hartzeko deia egin diote gizarteari: «Ilusioz eta indarrez eraikitakoa, ilusio eta indar berdinarekin defendatuko dugu».