@Maider Iantzi
DONOSTIA

Etxeratek kontzentrazio nazionala deitu du Donostiako epaitegian uztailaren 7an

Heldu den astearte eta asteazkenean euskal preso politikoen 14 senide Madrilgo epaitegi zentralean abokatuen aurka lekuko gisa deklaratzera behartuta daudela-eta, agerraldi jendetsua egin du Etxeratek Donostiako epaitegian, hainbat eragile sozial, politiko eta sindikalekin batera. Elkarretaratze nazionala deitu du leku berean, astearte eguerdirako.

Agerraldi jendetsua egin du Etxeratek Donostiako epaitegiaren aurrean. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZKI PRESS)
Agerraldi jendetsua egin du Etxeratek Donostiako epaitegiaren aurrean. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZKI PRESS)

Etxerateko kideek ez dakite zein den deklaratzera deitzeko arrazoia, baina Gobernu espainiarrak asistentzia juridikoa zaildu nahi duela ikusten dute, bideraezina egin arte. Horri aurre egiteko, kontzentrazio nazionala deitu dute deklarazioak hasiko diren egunerako, uztailaren 7rako, Donostiako probintzia epaitegiaren aurrean.

Bertan, jendea sartu eta atera nahiko mugimendu zebilela, agerraldi jendetsua egin dute gaur goizean, sarrerako eskilarak aldarrikapenez betez. Agiri bat irakurri dute Urtzi Errazkin bozeramaileak, euskaraz, eta Txusa Etxeandia zitazioa jaso duen senideetako batek, gaztelaniaz. Mahaian, Madrilgo epaitegi zentralean presoen abokatuen kontra lekuko gisa deklaratzera derrigortuta dauden bertze bi lagun zituzten ondoan. Gibelean, aldiz, eragile pila babesa ematen: LAB, EH Bildu, Sortu, Alternatiba, Steilas, Joxemi Zumalabe, EHE eta ESK sindikatuko ordezkariak.

14 senide deitu dituzte datorren astearte eta asteazkenean Madrilen deklaratzera, baina oroitu dute hasieran 127 zitatu zituztela La Salve eta Intxaurrondoko polizia etxeetara. Xedea senideen deklarazioak abokatuen aurkako akusazioa izateko baliatzea dela susmatzen dute, hau da, «senideak presoen aurka eta haiek beraien presoen defentsarako konfiantza jarria duten pertsonen aurka erabiltzea». Defentsa juridikoa ikusten dute, beraz, jomugan.

Honen aurrean mobilizatzen eta euskal preso politiko eta iheslari denak etxean izan arte lanean jarraituko dutela berretsi dute.