Gotzon ARANBURU
ARANTZA

Arantzako barnetegia

Euskal kaleidoskopioa da egunotan Arantza herri nafarreko aterpea. Jatorri ezberdinetako gizon eta emakumek dute bizileku, bi astez, baserri itxurako etxe dotore hau; badira bertan arabarrak, bizkaitarrak, gipuzkoarrak, nafarrak eta lapurtarrak, baita espainiarrak eta frantsesak ere, adin eta ingurune sozial ezberdinetakoak, baina ezaugarri amankomun bat dute, elkarrekin lotzen dituena: euskara ikasi nahi dute, eta ikasten ari dira, ongi gainera, AEKren barnetegian.

Arantzako aterpean 20 urte bete ditu AEKren barnetegiak. (Gotzon ARANBURU)
Arantzako aterpean 20 urte bete ditu AEKren barnetegiak. (Gotzon ARANBURU)

Bete ondo motxilak, etxekoei agur esan eta Arantzara, bi astez euskara ikastera eta euskaraz hitz egitera. Sinplea da planteamendua, baina gogo sendoa eskatzen du, oraindik ondo menperatzen ez duzun hizkuntza batean mintzatzera behartu behar baituzu zeure burua, egun eta gau, ez egunean bi orduz bakarrik euskaltegian. ‘Euskaraz bizi nahi dut’ dio udaletxeko balkoiko pankartak, baina ez dirudi Arantzan aldarrikapen handiren beharrik dagoenik: benetako herri euskalduna da. Kalean, dendan, tabernetan… denetan euskaraz eta euskaraz soilik entzun dugu. Zaila gure hizkuntzan murgiltzeko toki hoberik aurkitzea.

Asteburuko etenaldiaren ondoren, astelehen goiz argitsuan eskolara abiatu dira barnetegiko hogeita lau ikasleak. Jan eta lo aterpean egiten dute, baina klaseak hartzeko herriko eskolara jotzen dute, udan hutsik baitago, kaskoaren beste aldean. Adinari dagokionez ere, aniztasuna, hasi 20 urtetik eta 60ra. Hiru irakasle dituzte –Amagoia Gordobil gasteiztarra, Ekaitz Larrazabal ‘Katxo’ algortarra, eta Aintzane Pradera barakaldarra– eta egunean hiru aldiz sartzen dira ikasgelara, bi goizean eta beste bat arratsaldean, bazkalondoren.



Ekaitzek badaramatza hamar urte AEK-ko irakasle, eta bost Arantzako udako barnetegian. Euskara irakasten ari diren askok duten pertzepzio bera dauka, hau da, garai batean euskalduntzea zela ikasleen motibazio nagusia eta gaur egun, aldiz, titulazioa lortzea dela akuilu. Baina, zorionez, azken garaiotan egoera hori aldatzen ari ote den susmoa dauka, ikusten baitu barnetegian topatu dituen ikasleak zinez euskara maite dutelako ari direla ikasten.

Nola ukatu euskararenganako atxikimendua Marc Fuentes bezalako ikasleak ezagututa? Frantziako Amiens hirikoa da, eta euskal musika gustatzen zitzaiolako hasi zen euskara ikasten, letrak ulertu nahian. Eta, gainera, lagun euskaldun batekin apustua egin zuelako, baietz euskara ikasi. Duela hamar urte izan zen hori eta apustua irabazi duela lekuko gara, ederki asko moldatzen baita. Jakina, AEKren euskaltegirik ez dauka eskura urtean zehar, baina duela hiru urte Bordelera joan zen bizitzera eta Euskal Etxea bai, badauka han, eta astero bi ordu eta erdiko klasea jasotzen du gaueskolan. Ondoren poteoa egiten dute ikasleek Bordelen, mintza praktikarako aukera ezin egokiagoa.

Azken urteotan barnetegietako ikasleak «formaldu» egin direla iruditzen zaio Katxori. Hasierakoak lehenengo egunetik etortzen omen ziren «dena emotera», alegia, goizeko laurak arte parranda egitera, baina gaur egungoek indarrak gordetzen ei dituzte: «Astean juerga bakarra egitera mugatzen dira» dio, jarrera horrekin kritiko… Euskara irakaslea soilik ez, bertsolaria eta Gibelurdinak musika taldeko kide ere bada Katxo, eta ondo daki euskara menderatzeko ikasgela eta liburuak bezain beharrezko dela kalea, festa eta lagunartea.

Yoli Ela ikaslea ados dago Ekaitzekin. Goizean lau ordu ikasgelan emanda, eta arratsaldean beste bi, «jakina, eguneko momenturik onena ilunabarreko poteoa da, denok batera!» diosku, bere farre kutsakorrarekin. Izan ere, ikasleak bi mailatan banatuta daude, hizkuntzaren ezagutzaren arabera, baina eskolan bakarrik: goizeko hamaiketako etenaldian, bazkarian eta arratsaldeko poteoan denak elkarrekin ibiltzen dira, Arantzako kaleari alaitasuna emanez. «Uste dutena baino gehiago ikasten dute barnetegian. Askotan oso ingurune erdaldunetik datoz, eta hemen etengabe euskaraz aritzeak, akatsak akats, aurrerapauso handia dakarkie. Jakina, oraindik ere gehiago aurreratu nahiko lukete, baina hobekuntza hor dago, ni ondo jabetzen naiz» diosku Katxok.

Barnetegi ibiltariak bizikletaz eta oinez

Beste barnetegi batzuk ere antolatzen ditu AEK-k, esaterako Gipuzkoako Adunakoa eta Nafarroako Zugarramurdikoa –familiei zuzendua–, barnetegi ibiltaria bizikletaz, eta barnetegi ibiltaria oinez, azken hau Euskal Herrian barrena, hasi Otxandion eta bukatu Hiru Erregeen Mahaian.

Bazkaria mintza praktikarako une ezin hobea da. Kazetaria gonbidatu egin dute aterpeko mahaira eta berehala egin dute taldeko kide. Jakina, berehala hasi da galdera zaparrada: Nola esaten duzu, gose naiz edo gosea daukat? «Ba nik gosea daukat, baina azterketan hobe gose naiz jartzen baduzu». Eta beroa daukat edo bero nago? «Uf, kontu ezberdinak direla esango nuke…». Gaizki esanda dago «noski baietz»? Euskaraz pentsatzen duzu edo gazteleraz? Ondarroarrei ulertzen al diezu? Hika badakizu? Hau galdetu duena Arrasaten lana egiten duen gasteiztar neska bat da; dagoeneko «gura dok» bezalakoak suelto erabiltzen ditu. Gozatua izan da bazkalordua, baita ondorengo kafea ere.

Bazkaldu ondoren batzuk lo kuluska egiten dute, eta beste batzuk kartetan aritzen dira, edo solasean. Azken hauetakoa da Ricardo Guerra gasteiztarra, Radio Euskadiko esataria. Nabari da hitza dela bere laneko tresna, berehala josi baitu diskurtsoa kameraren aurrean. «Zergatik euskara ikasi? Etorkizuna delako. Gasteizen ez da erraza eremu euskaldunak topatzea, baina gero eta gehiago entzuten da euskara kalean. Eta nire kasuan, kazetaria izanik, motibazioa bikoitza da, lanerako ere aukera gehiago zabaltzen dizkidalako». Egia esateko, azkeneko «dizkidalako» hau ez zaio lehenengoan irten Ricardori, baina zalantzarik ez da ondo apuntatu duela burmuineko disko gogorrean.

Hogeigarren urtemugako ospakizunak

Hogei urte bete ditu aurten Arantzako barnetegiak, horiek guztiak Aterpean. Bertako arduradun Xabier Zugarramurdi lekuko aparta da barnetegiak izan duen bilakaera azaltzeko. Hasiera batean hilabete irauten zuen ikastaro-egonaldiak, ondoren 21 egunekoak izatera pasa ziren eta gaur egun bi astekoak dira, uztailean eta abuztuan lau ekinaldi osatuz. Honek esan nahi du udaro 120 bat ikasle pasatzen direla Arantzatik.

«Gramatika gehiago da urtean zehar ikasteko euskaltegian, hemen solastu egin behar da, egun osoz euskaran murgiltzeko probestu» dio Xabierrek. «Hagitz aberasgarria da adin ezberdinetako jendea elkarrekin bizitzea, elkarren berri izatea» irizten dio. Hogeigarren urtemuga nolanahi igarotzen uzteko asmorik ez du Xabierrek, eta egitarau aparta prestatu du. Hasi ortziral honetan eta abuztuaren bukaera arte, Fredi Paia eta Arkaitz Estiballes, Proiekto Nombre, Esne Beltza, Cromatica Pistona, Makala, DJ Alai, Petti eta Joseba B. Lenoir izango dira Aterpeko taulan. Aparteko giroa bermatuta, beraz, mendiz inguratutako paraje zoragarri honetan.