NAIZ
DONOSTIA

Zezenketen aurkako mozioa eramango dute EH Bilduk eta Irabazik Donostiako udalbatzara

EH Bilduk eta Irabazik zezenketen aurkako mozioa aurkeztuko dute ostegunean egingo den udalbatzan azter dadin, Donostia Antitaurina Orain plataformak proposatuta. Zezenketarik egin ez dadin udal instalazioak alokatzeko araudia aldatzeko eskatzen du mozioak, besteak beste.

Donostiako zezenketa iragartzen duen kartela.
Donostiako zezenketa iragartzen duen kartela.

Donostia Antitaurina Orain plataformak eskatuta, zezenketen aurkako mozioa aurkeztuko dute EH Bildu eta Irabazi taldeek osteguneko udalbatzan.

Testuak nabarmentzen duenez, Europako legeek «esplizituki aitortzen dute animaliak izaki sentikorrak direla, eta helburu dute beharrezkoa ez den mina eta sufrimendua jasan behar ez izatea».

Horrekin batera, gogora ekartzen du Ilunbeko zezen plaza donostiarren iritzia kontuan izan gabe eraiki zela, eta urte hauetan guztietan «700 zezen eta beste hainbeste zekor» hil direla, Aste Nagusian nahiz beste festa batzuetan.

Aurten Ilunben zezenketak egingo direla iragarri zenetik, horren aurkako 12.400 sinadura baino gehiago bildu direla ere jasotzen du testuak.

Hori dela-eta, mozioak zera proposatzen du: Udalbatzak «hitz ematea» udal instalazioak «alokatzeari edo lagatzeari buruzko arauak aldatuko dituela, haietan zezenketarik egin ez dadin». Horrekin lotuta, udalbatzak Ilunben «zezenketak egiteko ezarritako berariazko prezio hobariduna kentzea» sustatuko duela dio testuak.

Era berean, animaliei «tratu zuzen eta etikoa emateko kontzientziazio kanpainak sustatzeko hitza ematea» proposatzen du, eta «tauromakia ez dela Donostiako kultur balio bat» defendatzen du. Hortaz, «ez dugu sustatu behar ez 2016ko Kultur Hiriburutzari begira ez Europari begira». Donostiak bere burua «hiri antitaurinotzat» jotzea ere jasotzen du EH Bilduk eta Irabazik aurkeztuko duten mozioak.

Mozioak aurrera eginez gero, Donostia 2016 Fundazioari, Hiriburutzaren Jarraipen Batzordeari eta Europako erakundeei horren berri ematea aurreikusten du azken puntuak.