NAIZ
DONOSTIA

Erik Rios: «Ez zait bidezkoa iruditu krisi garaiotan adostu den izugarrizko soldata igoera»

Erik Rios Pasaiako EAJko zinegotziak dimisioa eman du, udalbatzak alkatearen soldata %35 igotzea onartu ondoren. Bere alderdiak PSErekin adostutako hitzarmenarekin ez dago ados eta horrek ere bultzatu du kargua uztera. Infozazpi Irratian azaldu ditu bere erabakiaren inguruko xehetasunak.

Joan zen ostiraleko udalbatzak alkatearen soldata %35 igotzea onartu eta gero, asteartean gauzatu zuen dimisioa EAJko zinegotzi Erik Riosek. Infozazpi Irratiari adierazi dionez, bera ez zen udalbatzan izan, ez joatea erabaki zuen ez zegoelako ados igoerarekin. «Ni joan eta aurka bozkatu arren, emaitza berbera izango zen, beraz erabaki nuen udalbatzara ez joatea», azaldu du.

Asteburuan hausnarketa egin zuen eta zinegotzi kargua uztea erabaki zuen, ez baitzuen «ongi ikusten».

«Pasaia Gipuzkoako herririk txiroena da, langabezia tasa %16koa da, Gipuzkoako laugarren altuena; ez zait bidezkoa iruditzen, krisi garaiotan, adostu den izugarrizko igoera, kontuan hartuta jende asko dagoela langabezian eta beste askok, nahiz eta lanean egon, soldata txikiak dituztela», argudiatu du, bera ere langabezian dagoela argitu aurretik.

Riosen ustez, kargu publikoek erakundeetara «lanera» joan behar dute, «zure onena ematera zure herritarren bizi kalitatea hobetzeko».

Alkateak soldata %35 igo ondoren pasaitarren artean «haserrea nahiko handia» dela nabarmendu du. Bere ustez, «ulergarria» da haserre hori.

«Ez dut esan nahi kargu publikoek ez dutela kobratu behar, behar dezu soldata bat baina duina, gehiegizkoa ez dena, zure bizitzarekin aurrera jarraitzeko. Ezin da onartu udal batera heldu eta kristoren soldata jartzea alkate izateagatik. Alkate batek ezin du ministro batek bezala kobratu», salatu du.

Kargua uztera eraman duen beste arrazoiari buruz, alegia, EAJ eta PSEren arteko itunaz, Riosek esan du ez dagoela ados hitzarmen horrekin baina ulertzen duela agintarien erabakia. «Niretzat zaila zen hori defendatzea eta hori izan da beste arrazoia dimisioa aurkezteko».

Riosen iritziz, horrelako erabakiak herrian bertan hartu behar dira. «Hitzarmenak behetik gora egin behar dira, ez goitik behera, udalerri bakoitza desberdina delako, eta bertako afiliatu edo zinegotziak dira erabaki behar dutenak norekin joan behar duten eta zer den hoberena herriarentzat».

«Ez zait gustatzen abertzalea eta euskalduna ez den alkatea egotea»

Pasaia «beti» herri abertzalea izan dela nabarmendu du Riosek, eta orain ere, EAJren eta EH Bilduren 9 zinegotziak kontuan hartuta, gehiengoa abertzalea dela erantsi du. Horregatik, «ez zait gustatzen abertzalea eta euskalduna ez den alkatea egotea».

Zinegotzi ohiak argi utzi nahi izan du bere ideiekin «koherente izateko» eman du dimisioa, baina EAJkoa izaten jarraitzen duela. Esan duenez, ez du denborarik izan alderdikideekin hitz egiteko baina aitortu du EAJko afiliatu eta kargu batzuek babesa adierazi diotela bere erabakiaren aurrean. Herritar batzuek ere helarazi diote babes hori.