NAIZ
DONOSTIA

Fantasiazko eta Beldurrezko XXVI. Asteko kartela aurkeztu eta hainbat eduki aurreratu dituzte

Fantasiazko eta Beldurrezko XXVI. Asteko kartela aurkeztu dute. Vinila von Bismark aktore eta abeslaria da 26. edizioko kartelaren protagonista, eta Jose Luis Lopez de Zubiria da argazkiaren egilea. Horrez gain, aurtengo egitarauko ‘Iberia FX’ erakusketa eta ‘Jarraitu grabatzen!’ zilkoa aurkeztu dituzte.

Fantasiazko eta Beldurrezko XXVI. Asteko kartela. (DONOSTIA KULTURA)
Fantasiazko eta Beldurrezko XXVI. Asteko kartela. (DONOSTIA KULTURA)

Donostian urriaren 31tik azaroaren 6ra ospatuko den Fantasiazko eta Beldurrezko XXVI. Asteko kartela ezagutarazi dute. Jose Luis Lopez de Zubiria argazkilariak egin du Vinila von Bismark aktorea eta abeslaria protagonista duen kartela, eta diseinuaz Ytantos estudioa arduratu da.

Prentsa oharrean adierazi dutenez, «etorkizun postindustrial eta postapokaliptiko batean girotua, bizirautea xede bakar duen eta gudu edo epidemien ondorioz suntsituta dagoen gertuko etorkizuneko Lur planeta erakusten duten pelikulen estetikarekin bat egiten du. Eta fantasiazko eta akzioko zinemaren emakumezko heroiei eginiko omenaldia da ere».

Horrez gain, aurtengo ediziorako prestatu den ‘Jarraitu grabatzen! Dokumental faltsuak, aurkituriko metrajea eta tele-errealitatea beldurrezko zineman’ zikloa aurkeztu dute. Azken urteotan beldurrezko zinemaren arloan ospe gehien hartu duen generoetako bat landuko du zikloak, eta iraganeko zenbait bitxikeri eskainiko ditu ere: «esaterako, Benjamin Christensenen ‘Häxan’ (1922) film norvegiarra, bere garaia baino zenbait hamarkada aurrerago eginiko dokumental faltsua».

Bestalde, ‘FX eta bestelako ogibideak Espainiako zineman / Iberia FX. Eskarmentua eta artifizioa Espainiako zineman’ urriak 31tik azaroaren 19ra Okendo Kultur Etxean ikusgai egongo den erakusketak «efektu berezietako profesionalak omentzea du xedea». Bisitariak FX arloko «trikimailu eta teknika nagusiak ezagutzeko aukera» izango du. Aldi berean, balio handiko objektu orijinalak erakutsiko dira, horietako asko «ezezagunak zirelarik orain arte».

Omenduen artean aurkitzen dira Segundo de Chomón, Fructuoso Gelabert, beldur zinemaren ikonoak, ‘Conan, the Barbarian’ (1982) bezalako filmak, FX arloko izen nagusiak diren Emilio Ruiz, Carlos de Marchis...