NAIZ
BILBO

Auzitegi Nazionalera eraman ditu Urquijok amnistiaren aldeko manifestazioan esandakoak

‘Amnistiaren aldeko eta errepresioaren aurkako mugimendua’ izenekoak deituta manifestazioa egin zuten mila lagun inguruk larunbatean, amaieran esandako hitzetan «terrorismoa goratu» zela dio Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkariak eta Auzitegi Nazionalera bideratu du salaketa.

Carlos Urquijok salaketa berri bat iragarri du, kasu honetan larunbatean amnistiaren alde Bilbon izan zen manifestazioaren aurka. Espainiako Auzitegi Nazionalean salaketa jarriko duela iragarri du, «terrorismoa goratu» omen zelako.

Urquijoren arabera delitu da «presoak ez dira terroristak» eta «euren onena eman dute» esatea. Manifestazioaren amaieran irakurritako agirian esan zirela horiek dio eta horregatik jarri duela salaketa.

Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariak orain salatu duen manifestazioan mila lagun inguruk parte hartu zuen ‘Amnistia’ zioen pankarta bat buru. Egiazko konponbiderik egongo bada amnistia ezinbestekoa dela azpimarratu zuten.