NAIZ

«Dispertsioaren 16 biktimen ahotsa» eramango du Etxeratek Urkullu eta alkateen bilerara

Iñigo Urkullu lehendakariak eta alkateek ostiralean egingo duten bileran «hutsuneak ikusita», Etxerat elkarteak «dispertsioak eraildako 16 biktimen ahotsa» eramango du. Bilera horren aurretik elkarretaratze bat burutuko dute Euskal Memoriaren Institutu aurrean.

Lehendakaria eta Etxerateko delegaritza bat otsailean elkartu ziren. (Juanan RUIZ / ARGAZKI PRESS)
Lehendakaria eta Etxerateko delegaritza bat otsailean elkartu ziren. (Juanan RUIZ / ARGAZKI PRESS)

Etxerat elkarteak «hutsuneak» ikusten ditu ostiralean Iñigo Urkulluk EAEko 128 alkaterekin izango duen bileran eta osatuko duten ‘memoriaren mapa’ horretan. Hau dela-eta, «dispertsioak eraildako 16 biktimen ahotsak» eramango ditu bilera horren atarira.

«Hutsune eta ekarpenak lehendakariari helarazteko asmoa du elkarteak, inor kanpoan utziko ez duen errelatoa jasotzeko», adierazi dute ohar baten bidez.

Euskal Herritik kilometrotara dispertsatutako 427 euskal preso politikoen senide eta lagun multzo horretatik, «biktimen zerrenda horretara pertsona gehiago gehitu ez daitezen beharrezko determinazio falta» dagoela salatu du Etxeratek.

«Non da egun  batean bai, eta bestearen ere, gure eta gure senideen aurkako giza eskubide urraketak sorrarazten dituen dispertsio politikak eragindako hamasei biktimen memoriaren eta sufrimenduaren aitortza? Noiz arte izango da euren oroitzapena berariaz isilarazita?», galdetu diote lehendakariari.

Era berean, Euskal Memoriaren Institutu aurrean elkarretaratzea burutuko dutela iragarri dute.