@arianekamio
Donostia

Lehenengo poema liburua argitaratu du Karmele Jaiok

Barne beharrari erantzunez osatu du Karmele Jaiok ‘Orain hilak ditugu’ (Elkar) lehenengo poesia liburua. Heriotza du gai nagusietako bat, nahiz eta helburua bizitzaz beraz hitz egitea izan den.

Karmele Jaio, ‘Orain hilak ditugu’ poema liburuarekin. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZKI PRESS)
Karmele Jaio, ‘Orain hilak ditugu’ poema liburuarekin. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZKI PRESS)

Adin batetik aurrera ingurukoak hiltzen doazela ohartzen dela bat dio Karmele Jaiok. Eta bere inguruari begira jarri da oraingoan, baita bere barruari ere. Orain arte narratiban egin ditu lanak idazle gasteiztarrak, baina barne beharra sentitu zuen poesiari heltzeko. «Etorri egin da, ez da hautu arrazionala izan», adierazi du gaur Donostian egindako aurkezpenean.

Nahi gabe sortu zaio Jaiori poesiarako grina. «Beti idatzi izan ditut poemak, baina ez argitaratzeko asmoarekin. Konstante bat izan da nigan, noizbehinka agertzen zena, baina areagotu egin da azken bi-hiru urteetan», esan du.

Lau ataletan banatutako bilduma ondu du, errealistak eta erraz ulertzeko modukoak diren poemekin. Bere beste liburuetan erabili izan dituen gaiez ez da desegin idazle gasteiztarra, eta zenbait konposaketetan badaude autobiografiatik edaten duten lerroak.

Heriotzaren aferari heldu dio batez ere, baina, era berean, «bizitzak duen indar infinituaz» ari da. Lehenengo pertsonan hitz egiten duen narratzailea baliatu du, nahiz eta, bere esanetan, askotan zaila den narratzailea bera eta autorea bereiztea.