@Maider Iantzi
DONOSTIA

Epilepsia egoera baten aurrean naturaltasunez nola jokatu erakusteko proiektua

‘Elkar ezagutzen’ proiektua jarri du martxan Gipuzkoako Epilepsia Elkarteak (AGE) eritasun honen inguruko informazioa ikastetxe guztietara zabaltzeko asmoz, haurrengantik hasi eta Batxilergoko eta Lanbide Heziketako ikasleenganaino, eskolako langile guztiak barrenean hartuta. Helburua epilepsia egoera baten aitzinean naturaltasunez nola jokatu behar den erakustea eta zabaltzea da. Erreportaje zabalagoa argitaratuko dugu larunbatean GAUR8n.

Gipuzkoako Epilepsia Elkarteko (AGE) kideek Donostiako Doctor Camino liburutegian egin dute agerraldia proiektuaren euskarri diren Hezibide psikologia zentroaren eta La Caixaren ordezkariekin, baita bi laguntzaile ezagunekin ere, Julen Telleria eta Julian Iantzi aitabitxiekin.

Eluska Arrieta elkarteko idazkariak azaldu duenez, epilepsia ageriko gaixotasuna ez izan arren, uste duguna baino arruntagoa da; biztanleariaren %1ak dauka. Baina tabua eta ezezaguna da oraindik, eta egitasmoaren helburua horri aurre egitea da, txiki-txikitatik hori aldatzen saiatuz eta epilepsia duten haurren eskolaratze inklusiboa babestuz.

Julen Telleriak bideo bat aurkeztu du, Andoaingo La Salle ikastetxean grabatua. Bertan, haur eta gaztetxoei galdetzen diete zer dakiten epilepsiaz. Jendartean dagoen ezjakintasun handiaren isla da eta erakusten du aunitzek konbultsioekin lotzen dutela. Hauen inguruan uste oker bat dago: pentsatzen da halako krisi bat sufritzen duen pertsonari zerbait sartu behar zaiola ahoan mingainari hozka egin ez diezaion, baina gezurra da. Egin behar dena hori baino sinpleagoa da: bere espazioa utzi, ondoan min hartzeko moduko objekturen bat badu erretiratu, korbata badu lasatu, eta lasai utzi krisia pasatzen.

Batzuek konbultsioak izaten dituzte, baina epilepsia agertzeko modu gehiago ere badaude, «mila modu», Arrietak erran duenez, organismo bakoitza desberdina baita. Berak, adibidez, absentziak izaten ditu. Batzuetan, kalean oinez doala edo lanean ari dela bere burua bertatik aldentzen da momentu batez. Ikastetxean irakasleak pentsa dezake ikaslea ilargian egon dela eta ez zaiola jaramonik egiten ari, baina gerta daiteke absentzia bat izatea. Horregatik, informatuta egotea komeni da. Mireia Centeno AGEko psikologoarentzat gakoa da hori, ezjakintasunagatik sortzen delako bazterketa.

Ikastetxeei eta jende guztiari irekita

Jende guztiari azaldu nahiko liokete zer den epilepsia eta nola jokatu behar den, baina nonbaitetik hasi behar eta ikastetxeetan hasiko dira. Alde batetik hitzaldiak emanen dizkiete zentroko langileei; bertzetik, ikasleekin landuko dute gaia tailer, jolas eta ipuinen bidez. Garrantzitsua izanen da prozesu honetan guztian epilepsia duten ikasleen parte-hartzea.

Ikastetxeez gain, elkartera hurbildu nahi duten lagun guztiek ere irekita dituzte ateak. Telefonoa eta helbidea utzi dituzte: 943 321 504 eta info@epilepsiagipuzkoa.org