NAIZ
BILBO

Eskaerei eutsi die Fiskaltzak «olentzeroen» aurkako epaiketan

AHT, Supersur eta merkataritza gune handien aurka Megaparken protesta egin zutenetik ia sei urte igaro ondoren epaitu dituzte, Barakaldon, bederatzi lagun. Fiskaltzak ez du bere jarrera aldatu eta hiru urte eta erdiko espetxe zigor bana eskatzen du auzipetu bakoitzarentzat.

Epaiketaren aurka elkarretaratzea egin dute Barakaldoko auzitegiaren atarian. (Luis JAUREGIALTZO/ARGAZKI PRESS)
Epaiketaren aurka elkarretaratzea egin dute Barakaldoko auzitegiaren atarian. (Luis JAUREGIALTZO/ARGAZKI PRESS)

Barakaldoko Zigor Arloko lehen epaitegian egin da, astearte honetan, Megaparkeko protestarekin lotuta auzipetu zituzten bederatzi lagunen epaiketa –haietako zortzi Olentzeroz jantzita egin zuten protesta–.

Fiskaltzak hiru urte eta erdiko espetxe zigor bana eskatu du auziperatuetako bakoitzarentzat eta defentsak, aldiz, absoluzioa eskatu du.

Auzipetuek adierazi dute 2009ko abenduaren 22ko protestarekin egungo gizarte eredua salatu nahi izan zutela. Megapark aukeratu zuten, kontsumismoa eta autoaren erabilera sustatzen dituen azpiegitura delako. Gainera, Supersurretik eta abiadura handiko trenak izango duen ibilbidetik gertu dago gune hori.

Beraien helburua arreta deitzea zela azpimarratu dute, eta ez bide-segurtasuna arriskuan jartzea. Horregatik bidoi batzuetara kateatu ziren, indarkeriarik erabili gabe. Bidea moztu besterik egin ez zutela nabarmendu dute eta, hortaz, uste dute ezin zaiela aldi berean «desordena publikoa» eta «bide-segurtasunaren aurkako delitua» egotzi.

Defentsak gogoratu du ia sei urte pasa direla epaiketa iritsi arte, operazioan parte hartu zuten ertzainen identifikazioa ez zelako egoki egin.

Epaiketaren aurka elkarretaratzea egin dute auzitegiaren atarian.