NAIZ
IRUÑEA

Goizuetako alkatea eta herritar bat, «terrorismoaren apologia» egotzita, deklaratzera deitu dituzte

Goizuetako alkateak, Unai Loiartek, eta Olaia Lekuona goizuetarrak ostegun honetan Auzitegi Nazionalean deklaratzeko zitazioa jaso zuten. Azalpen gehiagorik gabe «terrorismoaren apologia» egitea leporatzen zien epailearen zitazioak.

Zitazioaren berri jaso ondoren, asanblada egin zuten Goizuetan.
Zitazioaren berri jaso ondoren, asanblada egin zuten Goizuetan.

Ohar bidez koalizio abertzaleak jakinarazi duenez, Eloy Velascoren zitazioak «terrorismoaren apologia» egitea leporatzen die bi goizuetarrei.

Ostegun honetan joan beharko dute deklaratzera Madrilgo Auzitegi Nazionalera, baina zitazioan azalpenik ematen ez zenez, aipatu delitua leporatzeko arrazoi zehatza zein den ez dakitela adierazi dute.

EH Bilduk «irmoki» salatu du bi goizuetarrak deklaratzera deitu izana. Kritikatu dute «hautu eta prozesu politikoak kriminalizatu eta judizializatzea» ez dela berria Euskal Herrian eta Goizuetan jazotakoa «estrategia horren azken atala» dela gaineratu.

Era berean, nabarmendu dute «segurtasun juridikoaren printzipioa deritzona serioski urratu dela». «Ez da onargarria, bere burua demokratikotzat duen Estatu batek, inolako argipenik eman gabe, bi herritar salbuespeneko epaitegi baten esku uztea, delitu larriak leporatuz, leporatzen zaien ekintza zehatza zein den argitzeko aukerarik eman gabe», azpimarratu dute.

Jazotakoa herritar ororen aurkako «erasoa» dela adierazita, dei egin diete goizuetar guztiei gerta daitekeenaren aurrean mobilizatu eta bi herritarrei babesa adieraz diezaieten.