NAIZ
LASARTE-ORIA

Erraustegia geldi daitekeela aldarrikatu dute Lasarte-Orian

Zubietan eraiki nahi duten erraustegiaren aurkako manifestazioa egin dute arratsaldean Lasarte-Orian, Aire Garbia plataformak deituta. Erraustegia geratzea ez dela ezinezkoa nabarmendu dute.

Manifestazio jendetsua egin dute Lasarte-Orian erraustegiaren aurka. (Aritz LOIOLA/ARGAZKI PRESS)
Manifestazio jendetsua egin dute Lasarte-Orian erraustegiaren aurka. (Aritz LOIOLA/ARGAZKI PRESS)

Eguraldi petralari aurre eginez, manifestazio jendetsua egin dute arratsaldean Lasarte-Orian, Aire Garbia plataformak deituta, Zubietan eraiki nahi duten errauste-plantaren aurka. «Erraustegirik ez» lelopean, ahoak zapiekin tapatuta eraman dituzte pankarta zeramatzatenetako batzuek, osasunarentzat eta ingurumenarentzat kaltegarria dela irudikatzeko.

Antolatzaileek adierazi dutenez, errauste-planta «geldiezina» dela sinetsarazi nahi dute azpiegitura horren bultzatzaileek, «ederki baitakite hori dela daukaten aukera bakarra: guk geldizena dela sinestea».

Baieztapen horren aurrean, ordea, erraustegia gelditzea ez dela ezinezkoa nabarmendu dute. Zubietan baino lehenago errauste-planta Zaldunbordan, Landarbason, Urnietan eta Aritzetan eraiki nahi izan zutela gogora ekarri dute. «Ezinezko gertatu zitzaien, hondakinak zaborra ez direlako, baliabide produktiboak baizik. Baina, batez ere, herritarrek erraustegia gelditzea ezinezkoa zenik sinetsi ez zutelako».

Horrenbestez, gaurko manifestazioarekin Zubietan «erraustegia ez egiteko bidea hasi baino ez da egin. Erraustegia nahi dutenek pare-parean topatuko gaituzte», ohartarazi dute.