NAIZ
DURANGO

Euskal Dendak 51 artisau batuko ditu abenduaren 4tik 8ra

Durangoko Euskal Dendaren XX. edizioa martxan da, Euskal Herriko artisautza erakusleiho garrantzitsuenetakoa. Abenduaren 4tik 8ra egongo da irekita.

Euskal Dendaren XX. edizioa izango da aurtengoa. (NAIZ)
Euskal Dendaren XX. edizioa izango da aurtengoa. (NAIZ)

Abenduaren 4tik 8ra, Euskal Herri osoko 51 artisauren lanak izango dira ikusgai eta erosgai Durangoko Euskal Dendan, Merkatu plazan.

Arbasok Euskal Herriko artisauen elkarteak antolatzen duen ekimen honek 20 urte beteko ditu aurten. Gaur goizean egin duten aurkezpenean azaldu dutenez, edizio hau «atzera begiratu eta aztertze-kutsuarekin» dator eta iraganari eta etorkizunak dakarrenari buruzko gogoeta egiteko baliatuko dute, hamarkada hauetan egindako bidea ebaluatu eta sektorearen etorkizuna aurreikusteko asmoarekin.

Aurten ehungintzaren sektorea nabarmenduko da, izan ere bost erakusketari izango baitira, moda, patchwork delakoa, tapizatua, umeentzako ehungintza edo arropa modernista erakutsiz. Hamasei erakusketari berri izango dira.

Nobedadeen artean, egurrezko betaurrrekoak aipatu dituzte antolatzaileek. Egurgintzak zazpi ordezkari izango ditu eta beste hainbeste nekazaritza elikagaietako artisauek; beira lantzen duten lau artisau izango dira, zazpi bitxigintzan jarduten dutenak eta forjari bat. Gainera, otzargile bat eta sei zeramikagile egongo dira azokan. Birziklatutako objektuek, euskal kirolak, kosmetikak eta jostailugintzak ere beren tokia izango dute Merkatu plazan.

Denda irekita egongo den egunetan, hainbat ekintza ludiko izango da azoka barruan artisauen eta bisitarien arteko interakzioa dinamizatzeko eta bisitariak artisautzaren munduan murgiltzeko.