Jon Ormazabal
BILBO

Inork ez du faboritoaren zama gainean nahi

Normaltasun osoz eta inolako polemikarik gabe aukeratu dituzte Juan Martinez de Irujok eta Mikel Urrutikoetxeak igandean jokatuko duten finalerako pilotak.

Mikel Urrutikoetxea eta Juan Martinez de Irujo, aukeratutako pilotekin. (ARGAZKI PRESS)
Mikel Urrutikoetxea eta Juan Martinez de Irujo, aukeratutako pilotekin. (ARGAZKI PRESS)

Ohikoa duen eran, iberoarrak ez du materialaz hitzik egin nahi izan, «hortaz igandean arituko gara eta orduan inork ez dit galdetuko». Bizkaitarra, aldiz, gustura azaldu da. «Oso antzerako pilotak aukeratu ditugu biok. Nereak txapelketa osoan zehar erabili ditudanen antzerakoak dira». Pisuek arrazoia eman diote buruz buruko txapeldunari: 104,6 eta 105 gramo dituzte berak aukeratutakoek eta Irujorenek, aldiz, 105,2 eta 105,9.

Dirua Aspekoaren alde irtengo den arren, 100/70i artekarien arabera, partida aurreko gerra sikologikoagatik edo presioa gainetik kentzeko asmoz, Irujok bere ustez faboritoa Urrtikoetxea dela esan du, «%60». Hori entzundakoan, Asegarcekoak justu aldrebes ikusten duela erantzun dio.

Giroari dagokionean, badirudi Bizkaia pilotalekua bete egingo dela, Asegarcek bere sarrera guztiak saldu ditu eta Asperi 200 bat geratzen zaizkio. Pentsa zitekeenaren kontra, merkeenak dira Eibarko promotorari saltzeke geratzen zaizkionak.