NAIZ
BILBO

Euskaltzaindiaren artxibo-funtsen katalogoa sarean da, denon eskuragarri

Euskaltzaindiak zaintzen dituen artxibo-funtsen katalogoa guztion eskura jarri du Interneten.

Pruden Gartziak eta Andres Urrutiak aurkeztu dute Artxiboaren Katalogoa. (EUSKALTZAINDIA)
Pruden Gartziak eta Andres Urrutiak aurkeztu dute Artxiboaren Katalogoa. (EUSKALTZAINDIA)

Euskaltzaindiak zaintzen dituen artxibo-funtsen katalogoa guztion eskura jarri du, sarean.

Katalogo horretan hiru motako funtsak biltzen dira: erakundearen beraren administrazio artxiboa (1919-1970), hainbat euskaltzain edo euskaltzaleren artxibo pribatuen funtsak eta ikus-entzunezko artxiboaren funtsak.

Euskaltzaindiaren funtsak Azkue Biblioteka eta Artxiboan zaintzen eta kudeatzen dira. Orain arte, Akademiaren webgunean katalogo bakarra zegoen kontsultagai: Azkue Bibliotekaren Katalogoa, hots, Euskaltzaindiaren bibliotekaren liburu eta aldizkarien katalogoa. Aurrerantzean, aldiz, Akademiaren Artxiboaren Katalogoa ere ikusi ahal izango da.

Andres Urrutia euskaltzainburuak eta Pruden Gartzia Azkue Biblioteka eta Artxiboko zuzendariak aurkeztu dute Artxiboaren Katalogoa. Edukien garrantzia ez ezik, Euskaltzaindiaren asmoa ere nabarmendu dute: funts horiek guztiak publiko egitean, Akademiaren eta gizartearen arteko harremana sendotu nahi da.

Urrutiaren esanetan, «100 urtetan gauzatu den funts inportantea da, ez bakarrik bibliografia edo artxiboaren aldetik. Izan ere, Euskaltzaindiaren eta euskararen historian ezinbesteko materialak dira, eta hor daude».

Horrekin batera, Azkue Bibliotekarekin harremanetan jartzeko animatu dute jendea. Izan ere, norberak mota askotako bilaketak egin ditzake katalogo horretan Internet bidez, eduki batzuk ere zuzenean jaits daitezke, baina, nabarmendu dutenez, harreman pertsonala beti dago zerbitzu honen bihotzean, alegia, erabiltzaileak eska dezala informazioa eta epe labur batean erantzungo zaio.