G.M. Zubiarrain
BAIONA

Kolegioen erreformak ez dio euskara ikasgaiari eta euskarazko egungo irakaskuntzari eragingo

Atzo arratsaldean egindako bilkuran hala berretsi zieten irakaskuntza ertaineko sarearen ordezkariei Hezkuntza Ministerioko ordezkariek. Bordeleko errektoreak ere mezu bat bidali die ikastetxeetako zuzendariei. Euskararen irakaskuntzak «egungo antolaketa eta finantzaketa» izango dituela dio bertan.

Haurrak Kanboko Xalbador kolegioan. (Gaizka IROZ)
Haurrak Kanboko Xalbador kolegioan. (Gaizka IROZ)

Hezkuntza Ministerioarekin izandako bilkura eta negoziaketek uzta izan dute. Datorren ikasturtean indarrean sartuko den kolegioen (irakaskuntza ertaina) erreformak ez dio euskarari eragingo. Orain arte bezala, irakaskuntza sare publikoan hautazko ikasgaia izaten jarraituko du aukera hori eskaintzen zuten ikastetxeetan. Horrela jakinarazi die Olivier Dugrip Bordeleko Akademiako buruak eposta bidez kolegioetako zuzendariei. Pozez hartu dute berria euskarazko irakasleek eta euskarazko irakaskuntza sareak.

Erreformak hiru mailatan sailkatu ditu ikasgaiak: derrigorrezkoak (ikasgai arruntak eta osagarriak) eta derrigorrezkoak ez diren ikasgai osagaiak. Euskara azken hauetan sartzea proposatu zuten errektoretzako ordezkariek eta «Antzinako hizkuntzak eta kulturak eta tokiko hizkuntza eta kultura» goiburu ezin esanguratsuagoa duen gaiaren baitan irakastea. Azkenean baina, gaur egun euskara eskaintzen duten ikastetxeetan antolaketa horretatik kanpo geratuko da eta gaur egungo antolaketa eta finantzaketa izango ditu.

Egun euskara eskaintzen ez duten zentroek erreforma aplikatu beharko dute, eta horietan nabarmen zailduko da euskara eta euskarazko adarra garatzeko aukera erreformak indarrean sartuko duen antolaketarekin eta ikasgaien estatusarekin.