NAIZ
DONOSTIA

Hezkuntza eragileek eraikuntzara salto eginen dute

«Eraikuntzara salto egingo dugu!» lelotzat hartuta, Bilbo, Gasteiz, Donostia eta Iruñeko kaleak alaitasunez eta aldarriz beteko ditu gaur hainbat hezkuntza eragilek. Hezkuntza Plataformen Topaguneak hartuko du oraingo honetan lekukoa, baina gauza bat argi utzita: «Ez gara inor ordezkatzeko sortu, irakasle, ikasle, herritar eta familiak gara».

Topaguneko ordezkarien hainbat eragilerekin egin zuten agerraldia atzo Donostiako Aitor ikastolan. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)
Topaguneko ordezkarien hainbat eragilerekin egin zuten agerraldia atzo Donostiako Aitor ikastolan. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)

Gaur mobilizazio eguna da hainbat hezkuntza eragilerentzat. Lomceri ezetz errateaz gain, eraikuntzarako saltoa eginen dute. Kalejiren bidez irudikatuko dute jauzia Gasteiz, Donostia eta Biilbon. 17.00etan aterako dira Zabalburu plazatik, Bulebarretik eta Foru plazatik. Iruñean, aldiz, asanblada irekia eta elkarretaratzea eginen dituzte. 10.00etan da hitzordua, Biurdanan.

Herriz herri, ikastetxez ikastetxe hezkuntza komunitateak Lomceri eta «hau aplikatzen duen Heziberriri» aurre egiteko neurriak eta konpromisoak hartu dituztela azaldu zuen atzo Topaguneak, Donostiako Aitor ikastolan egindako agerraldian. «Behin eta berriz eskertuko eta zorionduko ditugu iaz 3. mailako ebaluazioari aurre egiteko ausardia erakutsi zuten familia eta ikastetxe guztiak», nabarmendu zuten.

Hiru puntuk batzen dituzte mobilizazioetako parte-hartzaile guztiak: Lomceri aurre egiteko konpromisoak, inposaketen kontra egoteak eta hezkuntza sistema propiorantz pausoak eman nahi izateak. Hainbat eragile bilduko dira: Kontseilua, Ikastolen Elkartea, Sortzen, Ikasle Abertzaleak, Bilgune Feminista, LAB, ELA, Steilas, ESK, Hik Hasi, Urtxintxa eta Amarauna Astialdi Elkarteen Sarea.